Gizartea -
Espainiako Barometro Feminista
Emakumeen % 63k jazarpena pairatu dute, eta horietatik % 26k erasoak jasan dituzte
Espainiako Barometro Feministaren arabera, emakumeen % 8k soilik salatu dituzte jasandako jazarpenak eta erasoak.
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Emakumeen % 63,5ek onartu egin dute jazarpen fisikoa edo psikologikoa pairatu izan dutela. Gainera, momenturen batean eraso fisiko edo sexualen biktima ere izan direla aitortu dute % 26k. Salaketa datuek, ordea, ez dute errealitate hori erakusten, % 8k soilik salatu baitituzte jasandako jazarpenak edo erasoak.
Horiek dira, hain zuzen, Espainiako lehen Barometro Feministak egindako ikerketatik ateratako datuak. 40dB enpresarekin batera egin du ikerketa CTXT aldizkariarentzat, eta Zaragozan aurkeztu dute Feministen Nazioarteko Jardunaldietan.
Horren harira, Belen Barreiro ikerketa enpesako zuzendariak eta Ikerketa Soziologikoen Zentroko presidente izandakoak bi datu nabarmendu ditu:emakumeek bizi duten egoeraren jakitun dela gizartea, eta asko dagoela egiteko.
Gizonezkoen % 45ek feministatzat dute euren burua
Galdekatuen % 52k - % 58,6 emakumezkoak eta % 45,1 gizonezkoak- adierazi dute feministak direla. Gauzak horrela, berdintasuna bermatze aldera, legeak aldatzea aldarrikatzen dute gehienek.
Adibidez, emakumezkoen eta gizonezkoen soldatak parekatzea, epaileei genero formakuntza ematea eta amatasun eta aitatasun baimenak berdintzea eskatzen dute. % 80ko babesa izan dute, zehazki, eskaera horiek, Belen Barreirok jakitera eman duenez.
_____________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.