Gizartea -
Bullying
Epaitegien sententzia ez dute errekurrituko Jokin Zeberioren senideek
"Epaiak gauza bat eta kontrakoa esaten" duela salatu dute Hondarribiako adingabearen senideek. Jokin Zeberiok 14 urte zituela bere buruaz beste egin zuen eskolan jasaten zuen jazarpenagatik.
Erredakzioa
Jokin Zeberioren senideek ez dute Euskal Autonomi Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko (EAEAN) sententzia errekurrituko. Epaia 2011ko otsailaren 8an igorri zuten eta ikastetxeak erantzukizunik ez duela erabaki eta absolbitu zuten. Zeberio Hondarribiako (Gipuzkoako) adingabeak 14 urte zituela bere buruaz beste egin zuen eskolan jasaten zuen jazarpenagatik.
Komunikatu batean, "epaiak gauza bat eta kontrakoa esaten" duela salatu dute senideek, "hil baino aste bete lehenago, Jokini irailaren 13an, 14an eta 15ean ikastetxean eraso egin" ziotela "frogatutzat" ematen du. Baina jarraian "zentroko arduradunen ekintza erabat prestua izan" zela argudiatzen du epaiak. Horregatik, ikastetxea "absolbitzea erabakitzen du" sententziak.
Ikastetxea absolbitzea "harrigarria" dela uste dute senideek, izan ere, "Jokinen kontrako erasoak ikastetxearen barruan gertatu ziren, klaseen artean, eta irakasleak ez ziren enteratu", hau da, "adingabeari behin baino gehiagotan eraso zioten ikastetxean, baina irakasleak ez ziren konturatu. Epaiak, ostera, ezjakintasun horregatik absolbitu ditu", senideen esanetan.
Ekintzak "ulertezinak" dira, baina Zeberioren familiak ez duela errekurrituko iragarri du, "nahiz eta administrazioak erantzukizuna" duela "jakin". Sententzia onartuko dute senideek, nahiz eta bat ez etorri.
"Era honetako sententziek eskolei prebentzioan lan egiteko lagunduko" diela esan zuen Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak, baina senideek ez dute ulertzen.