Gizartea -
Protesta Bilbon
Bilboko Portuak armak esportatzeari uzteko eskatu diote Bizkaiko Foru Aldundiari
Herritar zibilengan egindako bonbardaketa irudikatu dute Greenpeacek, Intermon-Oxfamek, KEM-MOC talde antimilitaristak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak Aldundi parean, Bilbon.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko Portuak armak esportatzeari uzteko eskatu dute Greenpeacek, Intermon-Oxfamek, KEM-MOC talde antimilitaristak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak, larunbat honetan Bizkaiko Foru Aldundi parean egindako protesta batean.
Herritar zibilengan egindako bonbardaketa irudikatu dute kolektibo horietako kideek. Horretarako manta termikoekin estalitako hilotzak irudikatu dituzte, eta bonben eta alarmen etengabeko soinua jarri.
Ohar baten bidez azaldu dutenez, Foru Aldundiari eskatu diote Bilboko Portuarekin duen hitzarmenetik kanpo uztea armen esportazioa. Segurtasun-arrazoiak tarteko, armen esportazio lanetan Aldundiko suhiltzaileek parte hartu behar dute.
Saudi Arabiara zihoan arma-esportazio batean parte hartzeari uko egiteagatik suhiltzaile bati zigor-espedientea ireki zion Aldundiak iazko martxoan. Sei urtez lanpostu eta soldata barik egoteko zigorra ezarri nahi zioten, baina azkenean akordio batera heldu ziren, eta "falta arin" moduan itxi zuten auzia.
Suhiltzaile hori babesteko bildutako 173.000 sinadurak emango dizkiote datorren astelehenean Foru Aldundiari.