Gizartea -

EAJ eta PSOEren arteko ituna

Atotxak AHTren eta autobusen geltokiak eta Tabakalera hartuko ditu

AHTren geltokia egiteko lanak autobusen geltoki berria eta Tabakalera eraikitzeko lanetara egokituko dira, eta ez diote Tabakaleraren kultura proiektuari eragingo. Beraz, espazio bakarra sortuko dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuak EAJren legez besteko proposamena onartuko du gaur arratsaldean, Atotxako gaur egungo tren geltokiak hartzen duen tokian abiadura handiko trenaren geltokia, autobusen geltoki berria eta Tabakaleraren kultura proiektu berria biltzeko.

EAJren eta PSOEren arteko itunari esker, Atotxan AHTren geltokia egiteko lanak autobusen geltoki berria eta Tabakalera egitekoekin bateratuko dituzte, eta ez dute azken horren kultura proiektuan eraginik izango. Horrela, espazio bakar bat osatuko dute; hala behar izatekotan, gainera, lurpean egingo dute.

Ramon Beloki EAJk Sustapen gaietarako duen bozeramailea pozik agertu da gaur arratsaldean lortutako akordioarekin; izan ere, "Donostiarentzat garrantzi handia duten hiru proiektu oso eremu txikian zehazten ari dira". Hori dela eta, "hiru proiektuak batu" egin behar direla esan du.

Belokik Diputatuen Kongresuan egindako hitzaldian azaldu duenez, "egungo autobus geltokia lotsagarria da", eta horren erantzuleak "asko dira, baina nagusia, ezbairik gabe, Donostiako Udala".

Belokiren ustez, autobus geltokia "nahitaez" eraman behar da Atotxan sortuko den eremura; halaber, "bertan abiadura handiko trenaren geltoki bat eta hiriarentzat estrategikoa den kultura proiektu bat" egin behar direnez, "bakoitzak ezin du bere aldetik lan egin, albokoari begiratu barik", adierazi du.

Bestalde, erakunde arteko batzordea premiaz deitzea eskatu dute gaur onartutako ekimenean, Donostiako gune estrategiko horretako proiektuaren diseinua batera egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea