Gizartea -

TRAFIKOA

Deba eta Mutriku lotzen dituen errepidea itxi dute ostiralera bitartean

Ipitxarri pareko kostako horma egonkortzeko lanak egingo dituzte bost egunez, eta ordezko bide moduan GI-3230 errepidea (Kalbarioko bidea) erabiltzeko gomendatu dute.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoan, Deba eta Mutriku lotzen dituen GI-638 errepidea itxita egongo da gaur hasi eta ostiralera bitartean, bi noranzkoetan, Ipitxarri pareko kostako horma egonkortzeko lanak direla eta.

Lanak bost egunez egingo dira, astelehen goizeko bederatzietan hasi eta ostiraleko iluntzeko zortziak arte, eguraldiaren baldintzek ahalbidetzen badute.

Beharrezko konponketak egiteko, bi garabi handi erabiliko dira, eta GI-638 errepideko galtzada osoa hartuko dute. Ondorioz, lanek irauten duten bitartean ezingo da ez ibilgailurik ez oinezkorik igaro bertatik.

Ordezko bide gisa, GI-3230 errepidea (Kalbarioko bidea) erabiltzeko gomendatu dute.

Lan horien ondorioz, aldaketak izango dira Lurraldebus konpainiako hainbat lineatan ere: DB03 (Lekeitio-Donostia), DB04 (Mallabia-Deba-Ondarroa), DB05 (Ondarroa-Zumaia) eta DB06 (Soraluze-Ondarroa).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Gaurko albisteak Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Deba albisteak Eguneko albisteak Mutriku azken ordukoa