Gizartea -

Txakoliaren inguruan

Gaztela eta Leonekin egin behar zuten bilera atzeratu du Jaurlaritzak

Jaurlaritzak ez du bileran aztertu ahal diren gaien gainean "alde batek trabak edo betoak ezartzea" onartuko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren eta Gaztela eta Leongo Batzordeko arduradunen artean hil honetako 21ean egin behar zuten bilera atzeratzea erabaki du Jajrlaritzak. Bilera Valladoliden otsailaren 21ean egitea hitzartu zuten, bi erkidegoen arteko lankidetza indartzeko asmoz.

Jaurlaritzak ohar batean azaldu duenez, Gaztela eta Leongo Juntaren arduradunak jendaurrean egin dituen adierazpenek atzeratu dute bilera aldi beterako. "Juntako arduradunak adierazitakoaren arabera, bilera horretan ez dira zenbait gai aztertuko, esaterako, Burgoseko ekoizleek ardo zuria txakolinaren izendapenarekin merkaturatzeko asmoak sortu duen gatazka edota Trebiñuko Konderrian bizi diren herritarrei zerbitzuak emateko lankidetza".

"Eusko Jaurlaritzak ondoko erkidegoekiko errespetu instituzionala eta adiskidetasuna mantendu izan du hasieratik eta jarrera hori berretsi nahi zuen aipatutako bileran", esan dute.

Jaurlaritzak ez du bileran aztertu ahal diren gaien gainean "alde batek trabak edo betoak ezartzea" onartuko, "eztabaida eragin dezaketen gaiak alde biek parteka ditzaketen konpromisoetatik kanpo uzteko aukera badago ere".

"Gobernu honek ondoko autonomia erkidego guztiekin harremanak normalizatzeko izan duen borondateari eta ahaleginari eutsiko die bere horretan", azpimarratu dute.

"Eusko Jaurlaritzak espero du oraingo hauteskunde-interferentziak desagertzen direnean giro egokia sortuko dela ondoko erkidegoekin harreman normalizatuak ezartzeko eta harreman horien bitartez aukera izango dela erkidegooi eragiten dieten gaiak aztertzeko; horretarako muga bakarrak bakoitzaren egoera instituzionala errespetatzea eta lankidetzarako asmoa erabiliz eragozpenak gainditzea izango dira", bukatu du Jaurlaritzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea