Gizartea -

Elkarretaratzea, Bilbon

Indarkeria matxistaren biktimekin Justizia ez dela 'bermatzailea' salatu du LABek

"Genero indarkeriaren orbana ez dago politikarien lehentasunen artean", Garbiñe Aranburuk salatu duenez. LABek elkarretaratzea egin du Bilboko epaitegien aurrean.

LAB sindikatuaren elkarretaratzea Bilboko Justizia Epaitegiaren aurrean. Argazkia: LAB sindikatua
LAB sindikatuaren elkarretaratzea Bilboko Justizia Epaitegiaren aurrean. Argazkia: LAB sindikatua
LAB sindikatuaren elkarretaratzea Bilboko Justizia Epaitegiaren aurrean. Argazkia: LAB sindikatua

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak baieztatu du egungo sistema judizialak ez dituela genero indarkeria jasaten duten biktimak "bermatzen", "eraso matxisten orbana ez dagoelako politikarien lehentasunen artean".

"Epaitegietan emakumeontzat Justiziarik ez" leloari eutsita, Bilboko Justizia Epaitegiaren aurrean LABek egindako elkarretaratzean egin ditu adierazpenok Aranburuk.

Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko epaitegietan ere egin du protesta LABek, igandean Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta.

Emakumeenganako indarkeria kasuez arduratzen diren epaitegien egoera aztertu ostean, aipatu sindikatuak ondorio garbia atera du: "Bitarteko gutxirekin sortu ziren epaitegi horiek, eta horrelaxe segitzen dute gaur egun ere".

Ildo horretan, indarkeria matxistarekin lotutako kasuen prozesura judizialei ekiteko orduan, epaileek formakuntza estrategikoa izan beharko luketela adierazi du, nahiz eta "horrelakorik gertatzen ez den".

Emakume migratzaileak

LABeko idazkari nagusiak nabarmendu du emakume migratzaileak direla babes gutxien dutenak, alde batetik, "biktimek dituzten eskubideei buruzko informaziorik jasotzen ez dutelako", eta bestetik, "tratu txarrak salatzera doazenean komunikatzeko arazoak izaten dituztelako". "Izan ere, ez dute interpreterik izaten, eta gisa horretako kasuetan gaizki-ulertuek arazo larriak eragin ditzakete", gaineratu du.

__________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Indarkeria matxista LAB Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa