Gizartea -

Auzitegi Gorena

Seme-alabak eta bikotekide berria dituzten dibortziatuek, familia-etxebizitzarik ez

Dibortzioaren ondotik, bikotekide berri batekin elkarbizitza egonkor bat izateak familia-etxebizitza erabiltzeko eskubidea iraungitzen duela erabaki du Gorenak.

Auzitegi Gorena. Artxiboko argazkia: EFE
Auzitegi Gorena. Artxiboko argazkia: EFE
Auzitegi Gorena. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dibortzioaren ondotik, bikotekide berri batekin elkarbizitza egonkor bat izateak familia-etxebizitza erabiltzeko eskubidea iraungitzen duela ebatzi du Auzitegi Gorenak. Horrela, Valladolideko Lurralde-auzitegiaren epaia berretsi eta Ministerio Fiskalak aurkeztutako kasazio-errekurtsoa atzera bota du Gorenak sententzian.

Valladolideko Auzitegiaren erabakia Kode Zibilaren 96. artikuluaren aurkakoa dela uste zuen fiskalak. Epaile batek onartutako ezkontideen arteko akordiorik ezean, familia-etxebizitzaren eta etxe barruan dauden objektuen erabilera seme-alabei eta haiek zaintzen dituen ezkonlagunari dagokiela aurreikusten du artikuluak.

Baina gurasoetako batek familia-etxebizitzara bikotekide berria eramaten duenean, etxea erabiltzeko eskubidea galtzen duela erabaki du Gorenak epaian.

Irabazpidezko ondasunen sozietatea likidatzen den unean familia-etxebizitza erabiltzeko eskubidea iraungi zutela ebatzi zuen Lurralde-auzitegiak, hirugarren pertsona bat etxera eramateak etxebizitzaren izaera aldatu zuelako, familia ezberdin batek erabiltzen duelako orain.

Epaiaren erabakia eta argudioak berretsi ditu Gorenaren salak, eta kasazio-errekurtsoa atzera bota du. “Seme-alaben zaintza egokitu zitzaion aita-amak hirugarren bat etxera eramateak (bikote harreman egonkor batean) familia-etxebizitzaren estatusa aldatzen du”, dio sententziak.

Harreman berriak izateko askatasuna zalantzan jartzen ez dutela argitu du auzitegiak, askatasun hori besteen kaltetan erabiltzea baizik, kasu honetan seme-alaben zaintzarik ez duen aita-amarena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Gorena Espainia argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak Amak albisteak