Gizartea -
Kontseiluaren arabera
'Udalek lau urte galdu dituzte hizkuntza-politikaren normalizazioan'
Udalen hizkuntza-politikak aztertu ondoren, egoera fidelen definitzen duen hitza "nahaspila" dela esan du Kontseiluak.
Erredakzioa
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak udaletan garatzen diren hizkuntza-politikak neurtu ditu. 2006an abiatu zuen Kontseiluak dinamika hau, Euskal Herriko 66 herritan lehen neurketa eginez. 2010ean egin da bigarren neurketa, ziklo politiko oso bat iragan denean, hain zuzen ere.
Ondorio argi bat atera du Kontseiluak bigarren neurketa honetan eta horrela laburbildu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak "udaletako hizkuntza-politikak aztertu ostean dagoen egoera hoberen definitzen duen hitza nahaspila da".Baieztapen horren azalpena ere eman du Bilbaok: "udalen hizkuntza-politiken arteko ezaugarri bateragarririk ez dago. Alderdiek ez dute hizkuntza-politika definiturik: horrek, alderdi berekoak diren bi udalen arteko hizkuntza-politikan 10eko puntuazioaren gainean 7 puntuko aldea egotea ahalbidetzen du".
Estatusak ere ez du koherentziarik finkatzen garatzen diren hizkuntza politiketan: horrela, euskara ofiziala den eremu juridikoko udalen hizkuntza-politiketan oso muturreko kasuak ditugu. Herrialde bereko herriek ere ez diote hizkuntza-politikari kolore antzekoa eskaintzen. Esan daiteke nahaspila honetan koherentzia esleitzen duen ezaugarri bakarra egoera demolinguistikoa dela.
Alegia, ezagutza tasaren araberako hizkuntza-politikak artikulatzen dira nagusiki Euskal Herrian" esan du Bilbaok. "Horrek, ordea, herri mailan normalizazioa erdiesteko ezinbestekoa den udal mailako hizkuntza-politika egokiari oztopoak jartzen dizkio. Izan ere, normalizaziorako hizkuntza-politika eraldatzaileak ezinbestekoak dira. Neurketak agerian uzten duenez momentu honetan egun dugun errealitate demolinguistikoari erantzuten dioten politikak baino ez dira artikulatzen eta zorigaiztoko kasu batzuetan hori ere ez".