Gizartea -
PORNOGRAFIA INTERNETEN
79 atxilotu, horietako 7 EAEn, haur-pornografiaren kontrako operazio handi batean
Bi pertsona atxilotu dituzte Araba, hiru Bizkaian eta beste hiru Gipuzkoan. Azken urteotan haur pornografiaren kontra egin den operazio handienetako bat izan da eta biktima ugari identifikatu dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Polizia Nazionalak 14 eta 76 urte arteko 79 pertsona atxilotu ditu Espainiako 13 erkidego autonomotan, azken urteetan haur pornografiaren kontra egindako operazio handienetako batean. Barne Ministerioak zabaldu duenez, Internet bidez zabaltzen zuten materiala atxilotuek. Zazpi pertsona atxilotu dituzte EAEn: 2 Araban, 2 Bizkaian eta 2 Gipuzkoan. Guztira, 97 pertsona ikertu dituzte.
2016ko urtarrilean ekin zioten operazioari eta egindako ikerketei esker, biktima ugari identifikatzea lortu dute. Atxilotuei adin txikikoak protagonista dituen eduki pornografiko oso gogorra atzeman dizkiete. Zehazki, 45 ordenagailu, 113 disko gogor, 25 mugikor. 38 USB memoria eta 300 DVD baino gehiago aztertu ditu Poliziak. "Milaka adin txikiko biktima agertzen diren milaka tera" aurkitu dituztela esan dute ikertzaileek.
Atxilotu guztiak gizonezkoak dira, Donostian atxilotutako emakume bat izan ezik. Haur pornografia irudi ugari zituzten sei ordenagailu eramangarri eta 22 DVD atzeman dizkiote eta Interneteko erabiltzaileei bidaltzea leporatu diote.
Madrilen 27 urteko gazte bat atxilotu dute 2.000 irudi baino gehiagorekin. Gaztea aisialdiko monitorea zen, eskolaz kanpoko ikasgaiak ematen zituen, eta futbol talde bat ere entrenatzen zuen. Antza denez, 4 eta 9 urteko nesken irudiak zeuzkan gordeta, eurak konturatu gabe grabatuta, baina ezin izan da oraingoz argitu inori sexu-erasorik egin ote zion.
Perun, 11 urteko alabari eta 4 urteko ilobari sexu-erasoak denbora luzez egin dizkion emakume bat identifikatu eta lokalizatu dute. Irudiak grabatu eta zabaldu egiten zituen diruaren truke.
Besteak beste, 57 urteko atxilotuetako bati bidaltzen zizkion grabazioak emakume honek. Gizon horri, gainera, 2010 eta 2013 artean 3 urte neskatila bati sexu erasoak egitea, grabatzea eta zabaltzea leporatzen diote. Ikerketaren arabera, umea bere zaintzapean geratzen zen haren gurasoak lanera joaten zirenean, eta orduan egiten zizkion erasoak. Polizia eraso horiek ikertzen hasi zenean topatu zuten guztiari esker abiatu zuten operazio hau.
Bartzelonan atxilotu duten Peruko 49 urteko gizon baten telefonoan, gainera, Liman oporretan izan zenean berak ateratako argazki pornografikoak aurkitu dituzte. Gutxienez, adin-txikikoa identifikatzea lortu dute eta Peruko agintarien jakinaren gainean jarri dute auzia.