Gizartea -

IRUÑEA

83 urteko emakume bat hil da Txantrean, bere etxean piztutako sutean

Senarra (84 urtekoa) Nafarroako Ospitale Gunera eraman dute, kea arnastu eta azaleko erredurak baitzituen.

Argazkia: @Navarra
Lesaka kaleko 3. zenbakiko hirugarren solairuan piztu da sua
Argazkia: @Navarra

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

83 urteko emakume bat hil da bart Iruñeko Txantrea auzoan, bere etxebizitzan piztutako sutean, Nafarroako Gobernuak ohar bidez jakinarazi duenez. Halaber, senarra (84 urtekoa) ospitalera eraman dute, kea arnastu baitu.

21:00ak aldera jaso zuten deia Nafarroako 112 larrialdietarako zerbitzuetan, Lesaka kaleko 3. zenbakia duen atariaren hirugarren solairuan sutea zegoela eta gizonezko bat leihotik laguntza eske ari zela esanez.

Suhiltzaileek erreskatatu ostean, anbulantzian eraman zuten Nafarroako Iruñeko Ospitale Gunera, kea arnastu eta bizkarrean erredura arinak baitzituen.

Etxebizitza barrura sartu zirenean, emakumea lurrean aurkitu zuten, eta osasun langileek haren heriotza baieztatu besterik ezin izan zuten egin. Lehen hipotesien arabera, kea arnastuta hil zen.

Hilotza Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman zuten, eta datozen orduotan egingo diote autopsia.

Gainerako bizilagunak eraikinetik atera zituzten, badaezpada, baina sua itzali eta eraikina aireztatu ostean, 22:30 aldera itzuli dira etxera.

Poliziak ikerketa abiatu du sua zerk eragin duen argitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea gaur Nafarroa gaur Suteak albisteak Gizartea Albisteak Gaur Eguneko albisteak Nafarroako Ospitale Gunea azken ordukoa