Gizartea -
Gertakaria
Bi pertsona arin zauritu dira Donostiako etxebizitza batean izandako sute batean
Ama eta alaba euren kabuz irten dira eraikinetik, Txirrita Bertsolariaren pasealekuan. Suhiltzaileek harrapatuta geratu den etxe-animalia bat erreskatatu dute, bizirik.
Agentziak | Erredakzioa
Bi pertsona arin zauritu dira etxebizitza batean izandako sute batan, Donostiako Txirrita Bertsolariaren pasealekuko 4. zenbakian, Udalak informatu duenez.
Suhiltzaileek abisu bat jaso dute 2:46ean. Familia bateko ama eta semea sutea hasi denean irten dira etxebizitzatik, euren kabuz. Biak erredurengatik eta kea arnasteagatik artatu dituzte, eta ospitalera eraman dituzte. Zabaldu dutenez, "ez du ematen oso zauri larriak izan direnik".
Barruan geratu den etxe-animalia bat atera dituzte suhiltzaileek, bizirik. Gero, etxebizitzan sartu da alaba, kalteak ikusteko eta familiarrentzako medikamentu eta tresna batzuk hartzeko.
Gela bat eta alboko gelako pertsiana guztiz kiskali ditu suteak. Korridorean eta gainontzeko geletan kalteak eragin dituzte beroak eta keak.
Gainera, patiora irten diren sugarrek zorrotenak eta esekitokiko arropak erre ditu. Goiko pisuko leihoa ere kaltetu dute, baina ez da bertan sutea hedatu. Eraikineko beste bizilagunak sutea hastean atera dira.
Behin eraikina aireztatuta eta airearen mailak egokiak zirela ikusita, itzuli ahal izan dute. Udalak ez daki oraindik sutearen jatorria, baina gela horretan "aspaldian erabili gabeko pizgailuentzako gas-kartutxoak dauzkala" esan du semeak. Garrak ikusi aurretik eztanda bat eta oihuak entzun dituela esan du goiko pisu bateko bizilagunak.
Bertan izan dira Suhiltzaileen hamaika langile eta hiru ibilgailu. 2:54 heldu dira etxebizitzara, eta lanak 4:30etan bukatu dituzte.