Gizartea -

Cabacas auzia

Iñigo Cabacasen familiak helegitea aurkeztuko du Gorenean

Jone Goirizelaia abokatuak azaldu duenez, epaian jasotako gertakarien kontakizuna ez dator ezarritako zigor eta absoluzioekin bat, eta hortaz, 'bidea zabaltzen' du kasazio errekurtsoa aurkezteko.

Goirizelaia, Manu Cabacas eta Fina Liceranzuekin batera, prentsaurrekoan. Argazkia: ETB
Jone Goirizelaia abokatua Iñigo Cabacasen gurasoekin batera, prentsaurrekoan.
Iñigo Cabacasen familiak helegitea aurkeztuko du Auzitegi Gorenean

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cabacas auziko akusazio partikularrak, Iñigo Cabacas 2012ko apirilean Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zen gaztearen familia ordezkatzen duenak, atzo Bizkaiko Lurralde Auzitegiak emandako epaiaren kontrako helegitea aurkeztuko du Auzitegi Gorenean, Jone Goirizelaia abokatuak iragarri duenez.

Epaiaren balorazioa egiteko prentsaurrekoa eskaini du gaur Bilbon Goirizelaiak, Manu Cabacas eta Fina Liceranzu Iñigoren gurasoak ondoan zituela. Bizkaiko Lurralde Auzitegiak bi urteko kartzela zigorra ezarri dio Juan Jose de Pablo Ertzaintzaren ofizialari eta gainerako bost agenteak absolbitu egin ditu.

Abokatuaren iritzian, epaiak "gertakarien inguruan egiten duen kontakizuna akusazioarena da, ia % 100ean". Dena dela, Goirizelaiak salatu du gerora ezarri dituzten "zigorra eta absoluzioak teknikoki" ez datozela bat kontakizun horrekin. "Ondorioak eztabaidagarriak dira, eta kasazio errekurtsoa aurkezteko bidea zabaltzen digute", erantsi du.

Hori horrela, epaiarekin "neurri batean behintzat pozik" daudela adierazi du abokatuak.

"Egi judiziala eta benetako egia oso hurbil daude"

Abokatuak nabarmendu duenez, Bizkaiko Auzitegiak epaian egindako gertakarien kontakizunean "egi judiziala eta benetako egia oso hurbil" geratu dira. Adibidez, "azaltzen du Iñigok ez zuela ezer txarrik egin, han zeuden beste pertsonek bezala, eta pilotakada batek jo zuela". Are, Ertzaintzaren karga beharrezkoa ez zela, "guztiz gehiegizkoa" izan zela dio epaiak, eta hori bera defendatu duela akusazioak. "Gehiago ere badio, furgonetei hara joateko agindua eman ez balitzaie, ez zela ezertxo ere gertatutako", esan du Goirizelaiak.

Manu Cabacas: "Zergatik tratatu gaituzte hain txarto?"

Antzeko balorazioa egin du Manu Cabacasek ere. Horren ahotan, "epaia ez dago guztiz txarto. Egia, justizia eta erreparazioa eskatzen genituen, eta azkenengo biak neurri batean lortu ditugu. Justizia osorik eskuratzeko aurkeztuko dugu helegitea".

Cabacasek "interpelazio zuzena" egin nahi izan die Rodolfo Ares Barne sailburu ohiari; Iñigo Urkullu lehendakariari, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuari eta Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzako idazkari nagusiari. "Gezurra esan zuten. Emango al digute azalpenik?, galdetu du. Itaun gehiago ere egin ditu Cabacasek: "Zergatik jarri dituzte hainbeste traba? Zergatik tratatu gaituzte hain txarto? Ez al gara denak eskubide berdinak ditugun herritarrak?"

"Seme bakarra genuen, horregatik borrokatu dugu eta amaierara arte borrokatuko dugu", nabarmendu du Manu Cabacasek.

Halaber, epaiaren beste ondorioetako bat ekarri du gogora. Izan ere, Lurralde Auzitegiak "instrukzio polizialak gaizki egin zituztela" dio ebazpenak, "egin beharreko guztia egin ez zutelako, eta gauzak modu egokiago batean bideratu izan balituzte, beste ondorio batzuetara iristeko elementu gehiago izango lituzketelako".

Ildo horretan, azpimarratu du Auzitegiak Ertzaintzari egozten diola instrukzioak gaizki egin izana, eta horren inguruko gogoeta egin beharra dagoela, "aste honetan bertan Arabako fiskal nagusiak horrekin lotutako adierazpen batzuk egin baitzituen, De Miguel auziari buruz mintzatu zenean, hain justu".

Manu Cabacasek nabarmendu duenez, oraindik ere, "erantzukizun mailakatua" zegoelakoan dago akusazioa, ardura horiek operatiboa diseinatu zutenengan eta agindua ematen zutenengan ere baduelako eragina. Horri dagokionez, "eskaera anitz" egin badira ere, "behin eta berriz ukatu egin digute aukera hori, orain, ordea, ikertu beharreko zerbait zela dio sententziak", gaineratu du.

Bestalde, Gorizelaiak nabarmendu du istiluak gertatu ziren lekuan zeuden lekukoei "sinesgarritasuna" ematen diela epaiak, ez, aldiz, ertzain gehienen testigantzei, "gaizki-ulertuz jositako korporatibismo batean eta ustezko inplikazioetatik kanpo geratzeko saiakeran" oinarritzen direla argudiatuta.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Cabacas Bilbo Ertzaintza Bizkaia Auzitegi Gorena Epaiketak Gizartea Albisteak Gurasoak  gaur