Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon bat atxilotu dute Gasteizen bikotekideari eraso egiteagatik

Emakumeak zauria zuen sudurrean, eta ubelduak besoetako batean. Alde Zaharreko etxebizitza batean jazo zen erasoa.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udaltzaingoak 37 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo Alde Zaharreko etxebizitza batean bikotekidea kolpatzea egotzita, Polizia horretako iturriek gaur jakinarazi dutenez.

Gertakariak 05:30ean jazo ziren. Zaintza lanetan zebilen patruila bati jakinarazi zioten Alde Zaharreko kale batean eraso matxista bat gertatzen ari zela. Hara heltzean, hutsik topatu zuten kalea, baina oihuak entzun zituzten etxebizitza batean.

Gizona etxetik aterarazi, eta lehendabizi emakumearekin hitz egin zuten agenteek. Hark kontatu zienez, eztabaida izan zuen bikotekidearekin. Biktimak zauria zuen sudurrean, eta ubelduak besoetako batean.

Bikotearen eta lekuko baten kontakizuna entzun ondoren, gizona atxilotu zuten udaltzainek, genero indarkeriaren delitua egotzita.

_______________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Indarkeria matxista Araba Gizartea Gasteiz Tratu txarren biktimak Matxismoa