Gizartea -
943az gain
843a, aurrezenbaki berria Gipuzkoan
Aurrezenbaki horrez gain, ohiko 943ak ere jarraituko du indarrean.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Ekonomia eta Enpresako Ministerioaren Aurrerapen Digitalerako Estatu Idazkaritzak aurrezenbaki berri bat esleitu dio Gipuzkoari, 843a, hain zuzen ere; hortaz, ohiko 943 aurrezenbakiaz gain, Gipuzkoak beste bat izango du, aurrerantzean.
Estatuko Aldizkari Ofizialak larunbat honetan argitaratu duenez, Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordearen txosten batek beharrezkotzat jotzen zuen, probintzia jakin batzuetan, zenbakitze geografiko berria ematea, telefono finkoen zerbitzuan.
Txostenaren arabera, hain zuzen ere, hainbat probintziatan emandako baliabideen % 90etik gora zeuden esleituta, edo 10.000 zenbakietako bloke eskuragarrien kopurua txikiegia zen.
Hori gertatzen zen, besteak beste, Gipuzkoan, nahiz eta duela bi urte adierazle berria esleitu zioten; hemendik aurrera, nahikotzat jotzen dute 100.000 zenbakietako adierazle bat esleitu eta eman izatea.