Gizartea -

Erasoa

Atxilotu bat Bilbon, anbulantzia bateko sanitarioei eta agente bati eraso egiteagatik

Bi sanitarioak gaztea artatzen ari ziren erasoa jasan zutenean. Horietako bati ileetatik tira egin eta hainbat ukabilkada eman zizkion, eta haren lankidea kolpatu zuen ondoren.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak gizon gazte bat atxilotu zuen igandean Bilboko Bolueta auzoan, anbulantzia bateko sanitarioei eraso egiteagatik. Gainera, gertatutakoa argitzeko asmoz bertaratutako ertzain bati ere egin zion eraso.

Igandean, 03:50ean jazo zen erasoa. Ordu horretan, anbulantziako bi sanitarioak gaztea artatzen ari ziren Telleria kalean. Izan ere, alkohola eta substantzia psikotropikoak kontsumitu izanaren zantzuak zituen.

Salaketan jaso dutenez, hasiera batean zuzen jokatu zuen, baina anbulantziara sartzerakoan lurrera txistua bota zuen gazteak. Orduan, egindakoa aurpegiratu zioten, eta jarrera biolentoa erakutsi zuen. Sanitarioetako bati ileetatik tira egin zion eta hainbat ukabilkada eman zizkion. Jarraian, emakumea defendatzeko asmoz, bien artean sartu zen sanitarioa kolpatu zuen.

Denbora gutxira, Ertzaintzaren zenbait agente iritsi ziren erasoa gertatu zen lekura. Gazteari anbulantziatik irteteko eskatu zioten, baina ez zien jaramonik egin. Are gehiago, agenteetako bat kolpatu zuen. Une horretan, atxilotu egin zuten, eta, dirudienez, polizia-etxean beste ertzain bati ere eraso zion.

Horrela, 21 urteko gizona epailearen aurrera eraman zuten atzo arratsaldean.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Ertzaintza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak