Gizartea -
2016ko azaroan
Alaba jaioberria Donostiako edukiontzi batera bota zuela aitortu du emakume batek
19 urteko kartzela zigorra bete beharko duen emakumeak ziurtatu du "estutu" egin zela eta haurtxoa zakarrontzira botatzea erabaki zuela, nahiz eta hiltzeko arriskua zeukala jakin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2016ko azaroan, Donostian, alaba jaioberria edukiontzi batera bota zuen emakumeak ziurtatu du umeaz erditu zenean egoerak gainez egin ziola, "estutu" egin zela eta haurra zakarrontzira botatzea erabaki zuela, nahiz eta hiltzeko arriskua zeukala jakin.
"Ez nintzen egoerari aurre egiteko gai izan, eta umetxoa edukiontzira botatzeko erabakia hartu nuen", azaldu du akusatuak Gipuzkoako Lurralde Auzitegian egiten ari diren epaiketaren lehenengo saioan.
Epaimahaiak errudun joz gero, 19 urteko eta 11 hilabeteko espetxe zigorra bete beharko duen emakumeak jakin bazekien "inork aurkitzen ez bazuen, haurtxoa hil egingo zela". Horixe da, hain zuzen, fiskalak egindako galderei erantzun diena.
Alaba edukiontzira bota zuenean, 28 urte zituen emakumeak. Dirudienez, lanean ari zen etxebizitzan bertan erditu zen, Donostiako Alde Zaharrean. Umetxoa jaio eta gutxira, manta batean bildu zuen eta kalera atera zen.
Damututa, atsekabetuta eta triste agertu da epaiketan, uneoro aurpegia eskuarekin estaltzeko ahaleginetan. Alabaina, duela bi urteko azaroaren 22an gertatutakoa xehe-xehe kontatu du. "Noraezean ibili nintzen kaletik, eta azkenik San Joan kaleko (Zuloaga plazatik gertu) zakarrontzi batean sartu nuen haurra", esan du.
Halaber, argitu du Euskadin ez duela familiarik, eta haurraren aitarekin ez duela inolako harremanik. Gaur-gaurkoz Martuteneko kartzelan dago akusatua.