Gizartea -
EAEn
36 emakumek bizkartzaina izan zuten iaz erasotzaileengandik babesteko
Jaurlaritzak bildutako datuen arabera, emakumeen aurkako indarkeria kasuak % 8 gutxitu ziren 2010ean, baina zortzi urteko epean indarkeria mota hau bikoiztu egin dela ohartarazi du.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 36 emakumek eraman behar izan zuten iaz bizkartzaina erasotzaileengandik babesteko; 2009an, berriz, 26k eskatu zuten babes neurri hau.
Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Eusko Jaurlaritzaren Bulegoak 2010ean izandako indarkeria kasuen balantzea egin du. Txostenaren arabera, iazko abenduaren 31n 4.709 emakumek babes neurriren bat zuten. Data horretan, 10 erasotzaile eta biktimak zeramaten eskumuturreko bilatzailea, 2009an baino % 10 gehiagok. Eta erasotzaileengandik babesteko sakelako telefonoa 166 emakumek zuten.
Ikerketaren arabera, emakumeen kontrako indarkeria kasuak % 8 jaitsi dira 2010ean, 4.285 kasu zenbatu ziren, eta 5 hilketa.
Mariola Serrano Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko bulegoko zuzendariak adierazi duenez, zuhurtziaz aztertu behar da indarkeria kasuen jaitsiera, joera hori oraindik ez delako nagusitu, eta 2002-2009 urteen artean horrelako kasuak bikoiztu egin direla ohartarazi du.
Txostenak erasotzaile eta biktimen gaztetasuna uzten du agerian. Erasotzaileen % 26,6k 18 eta 30 urte bitartean zituzten. Biktimei dagokienez, % 30ek 18 eta 30 urte bitartean zituzten.
Serranok gogorarazi du 2010ean bost emakume hil zirela bikotekideen eskuetan. Azkena Cristina Estebanez Barakaldoko gaztea izan zen.