Gizartea -
lan-istripua Bizkaian
Langile bat hil da Elorrion izandako auto-istripuan
Hildako beharginak behin-behineko kontratua zuen, bi hilabeterako, hain zuzen ere. Enpresan, lanean azaroaren 20an hasi zen.
eitb.eus
Correos enpresaren 46 urteko langile bat hil da Elorrion auto-istripuan, langilearen motorrak eta autobus batek talka egin ostean, Trafiko Zuzendaritzak eitb.eus-i jakinarazi dionez.
Istripua 14:45ean gertatu da Elizburu kalean, eta Ertzaintza nondik norakoak ikertzen ari da.
Istripuaren tokira bertaratutako osasun zerbitzuek langilearen heriotza konfirmatu dute.
Hildako beharginak behin-behineko kontratua zuen, bi hilabeterako, hain zuzen ere. Enpresan lanean hasi zen aurrenekoz azaroaren 20an, ELAk zehaztu duenez.
Lanpostuan gertatutako heriotza salatu du sindikatu abertzaleak agiri batean, “prekarietateak hiltzen duela agerian geratu delako beste behin ere”. Gainera, 2018ko abuztuan Correoseko beste langile bat Gasteizen hil zela gogorarazi du ELAk.
Hildakoaren senideei, lagunei eta lankideei elkartasuna adierazi die sindikatuak. Lan-baldintzen ondorioz postariak arriskuan direla salatu du ELAK: “banaketa motorrean egiten dutenen kasuan, gainera, trafikoari datxekion arriskua dute”.
Horregatik, lan-istripu arriskua murrizteko politikak eta neurriak eskatu dizkie Correosi eta Espainiako Gobernuari.
Era berean, “erantzukizuna onartzeko” eta prebentzioan zein lan-osasunean “benetan” inbertitzeko eskatu dio LABek Correosi.
Correoseko enpresa-batzordeak elkarretaratzea egingo du ostegun honetan, Bilbon, beharginaren heriotza salatzeko. Protesta 12:00etan hasiko da, Alameda Urkijoko egoitza zentralaren aurrean.