Gizartea -
Zaragoza
Laguntza eske zebilen emakume bat salbatu du gizon batek etxeko fatxadatik igota
Gaztea igotzen zen bitartean norbaitek diru-zorroa lapurtu dio, lurrean utzi baitu fatxadatik igo ahal izateko.
Agentziak | Erredakzioa
Etxe batetik laguntza eske zebilen emakume bat salbatu zuen atzo 29 urteko gizon batek (Mohamed K.) Zaragozan. Gaztea etxebizitzako fatxadatik igo zen emakumeari laguntzeko, antza bikotekidearen erasoa jasaten ari baitzen.
Aragoiko Poliziak Europa Press albiste agentziari jakinarazi dionez, tratu txarrak jasotzen ari zelako laguntza eske ari zen emakumearen bikotekidea atxilotu zuten atzo (osteguna), erasoa gertatu eta gero.
Heraldo de Aragon egunkariak ostiral honetan argitaratu duenez, La Almozara auzoko Cinca kaleko bizilagunek leihoan oihuka zegoen emakume bat ikusi zuten, eta indarkeria erabiliz leihotik kendu eta etxe barrura sartzen zutela.
Hala ere, emakumea leihora atera zen berriro laguntza eskatzeko, eta leihotik salto egiteko prest zegoela zirudienean, Mohamed K. izeneko gaztea fatxadatik igo zen eta bikotearekin egon zen Polizia heldu arte. Emakumea ospitalera eraman zuten bi seme-alabetako batekin.
Bestalde, gaztea biktimaren etxera igotzen ari zen bitartean, norbaitek diru-zorroa lapurtu zion, lurrean utzi baitzuen fatxadatik igo ahal izateko.
____________________________________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.