Gizartea -
Urteko balantzea
80 kazetari hil, 348 kartzelatu eta 60 bahitu dituzte 2018an
Mugarik Gabeko Kazetarien elkarteak bildutako datuen arabera, aurtengoa 'bereziki odoltsua' izan da, hildako kazetarien kopuruak % 8 egin baitu gora.
Agentziak | Erredakzioa
Aurten, 80 kazetari hil, 388 kartzelatu eta 60 bahitu dituzte, eta beste hiru desagertuta daude, Mugarik Gabeko Kazetarien elkarteak (RSF, erdaraz) 2018ko datuak erabiliz egindako txostenaren arabera.
"Zifrek gora egin dute, eta kazetarien kontrako indarkeriaren erakusle dira", salatu dute elkarteko arduradunek. Izan ere, 2018a "bereziki odoltsua" izan da, eta 80 kazetari (langile profesionalak ez ezik, euren lanbidea ez den arren kazetaritzan diharduten pertsonak eta hedabideen kolaboratzaileak kontuan hartu dituzte) hil dituzte, 2017an baino % 8 gehiago. Horietako hiru emakumezkoak ziren.
Kazetari profesionalen artean ere, gora egin du hildakoen kopuruak, azken urteetako joera beheranzkoa bazen ere. 63 profesional hil dituzte aurten, eta 55 hil zituzten iaz.
Datuak herrialdez herrialde ikusita, Afganistan izan da kazetarientzat herrialde okerrena, 15 kazetari hil baitituzte bertan; Siria ageri da zerrendan bigarren (11) eta Mexiko, hirugarren (9). Hori da kazetaritzan jarduteko herrialde 'baketsu' arriskutsuena. Ameriketako Estatu Batuak ere zerrendako lehen postuetan ageri dira aurten, The Capital Gazette egunkariaren kontra egindako erasoa tarteko (bost lagun hil zituzten).
Espetxeratutako kazetariei dagokienez, gora egin du kopuruak. 348 daude kartzelan (24 emakume, % 7) —iaz 326 izan ziren—. Preso dauden kazetarien erdiak Irango, Saudi Arabiako, Egiptoko, Turkiako eta Txinako presondegietan daude. Azken hori da, hain justu, kartzelan kazetari gehien dituen munduko herrialdea (60).
Bahitutako kazetarien kopurua ere hazi da: 60 izan dira aurten (2017an baino % 11 gehiago). Horietatik 59 Ekialde Hurbileko herrialdeetan daude (Siria, Irak eta Yemen), eta horietako sei kazetari atzerritarrak dira.
2018 honetan, hiru kazetari desagertu dira, RSFren arabera: bi Latinoamerikan eta bat Errusian.