Gizartea -
Mari Luz auzia
Espetxera bidali dute Del Valleren emaztea delituak ez galarazteagatik
Gainera, lekukotasun faltsua egitea ere egotzi diote; auzia ikertzen ari den epaileak, halaber, ikerketak abiarazi ditu Telecincoren eta Ana Rosaren saioaren arduradunek egindakoa argitzeko asmoz.
Erredakzioa
Madrilen dagoen Instrukzioko 43 zenbakiko Epaitegiaren titularrak Isabel Garcia, Santiago del Valleren (Mari Luz neska hiltzea leporatuta epaitzen ari dira) emaztea, kartzelaratzeko agindua eman du, fidantza barik, delituak ez galaraztea eta testigantza faltsua egitea egotzita.
Madrileko Justizia Auzitegi Gorenak ohar baten bidez jakinarazi duenez, bi ordu baino gehiago galdekatu ondoren hartu du erabakia epaileak, Garciak telebista saio batean bere senarrak Mari Luz "akabatu" zuela baieztatu eta gero.
Horrez gain, epaileak Huelvako epaile dekanoaren esku utzi du auzipetua eta ikerketak abiarazi ditu Telecincoren eta Ana Rosaren saioaren arduradunek egindakoa argitze aldera "Isabel Garcia Sevillatik Madirlera eta geroago Poliziarenera eraman zuten modua dela eta".
Sekretua ezarri dute ikerketa horren gainean, oharrean agertzen denez. Epaileak fidantza gabeko espetxealdi komunikatua agindu du Isabel Garciarentzat, Fiskaltzak eskatutakoari jarraituz.