Gizartea -

SEXU ABUSUAK HAURTZAROAN

Pepe Godoy: 'Futbol eskola ez da egoerak eskatzen zuen mailan egon'

36 urtez isilean egon da, 8 eta 11 urte bitartean Basauriko futbol entrenatzaile batengandik jasandako sexu abusuak ezkutatuz. Radio Euskadiko 'Boulevard' saioak elkarrizketa egin dio.

Pepe Godoy eta Dani Alvarez
Pepe Godoy eta Dani Alvarez
Pepe Godoy eta Dani Alvarez

RADIO EUSKADI | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pepe Godoy basauriarrak haurtzaroan sexu abusuak sufritu zituen entrenatzailearen aldetik, 8 eta 11 urte bitartean zituenean. Duela gutxi, 36 urteren ondoren, salaketa jarri zuen.

Isiltasuna hautsi ostean, gaur Radio Euskadiko "Boulevard" saioan elkarrizketatu dute. Godoyk azpimarratu duenez, Basauriko futbol eskola ez da egoerak eskatzen zuen mailan egon eta biktima gehiago daude.

Elkarrizketa abiatu aurretik, ordea, hau esan dio Dani Alvarez elkarrizketatzaileari: "Aurrez, gauza bat erakutsi nahi dizut. Hemendik hasita hirugarren tokian dagoen atea ikusten duzu? Hor bizi da nire erasotzailea. Urte hauetan guztietan egunero igaro da nire etxeko atearen aurretik".

Sexu erasotzaile hori Baskonia eskolako entrenatzailea izan da duela gutxira arte. Izan ere, salaketen berri izan ostean, sei gutxienez, entrenatzaile postutik bota dute. Dena dela, Baskonia Futbol Eskolan ez dela sexu-abusurik egon argitu du klubak

36 urte iraun duen isiltasun garai horretan, ez dio gertatutakoa kontatu inori, ezta emazteari ere.

"Nire lagun egin zen, gauzak erosi zizkidan: Zubizarretaren kamiseta, goxokiak eta era guztietako opariak". Erasotzaileak modu horretan lortu zuen Peperen konfiantza irabaztea. Azaldu duenez, oso harreman estua izatera iritsi ziren "nire emaztearekin izan dezakedanaren parekoa, baina sarketarik gabe". Abusuak hiru urtez pairatu zituen, 11 urte egin zituen arte. "Gertatzen ari zenaz kontziente nintzen, banekien gaizki zegoela, baina parte sentitu nintzen, hain justu, baimentzen ari nintzelako", gogoratu du Pepek.

Hortik aurrera, liskarretan parte hartzeagatik auzoan mutiko ezaguna izatetik, beldurra sentitzera, amesgaiztoak eta maniak izatea igaro zen. Basauriarrak kontatu duenez, burkoaren azpian bi labana eta orratzak jarrita lo egiten zuen. "Etxekoak gaizki nengoela konturatu ziren, anbulatoriora eraman ninduten, baina inoiz ez nien gertatutakoa kontatu", gaineratu du. Beldur horrek duela bi urte arte iraun dio, telebistako erreportaje batean haurtzaroan sexu abusuak pairatu zituen biktima baten testigantza entzun zuen arte. Hurrengo egunean, Yoli emazteari kontatu zion. "Okerrena? Ispiluaren aurrean ez nuen neure burua ezagutzen eta nire artean esaten nuen: Nor zara?", kontatu du malko artean.

"Kaltetu asko izan dira herrian. Izurrite garaietan etxean 'x' batekin markatzen ziren bezala, hemen belaunaldiak markatzen gaitu. Nire belaunaldiko kideek badakite, nik aurpegia eman dut, baina markatutako jende gehiago dago. Jakina zen zerbait da", nabarmendu du. Baskonia futbol eskolan, erasotzaileak lan egiten zuen tokian, ere horren berri izan zuten. "Xehetasun guztiak eman nizkien kargutik kendu zezaten, baina ez zuten horrelakorik egin. Eskola ez da egoerak eskatzen zuen mailan egon; izan ere, kluba edo eskola baino, Basaurin gertatu dena da garrantzitsuena". Entrenatzaileak berarekin erabili zuen patroi edo eredu bera errepikatuta ikusi omen du askotan. Baskoniak, jakin arren, ez zuen hori saihesteko ezer egin.

Pepe Godoyk eskaera bat egin die futbol entrenatzailearekin harremanetan egon diren haurrei gurasoei: ez daitezela haurrak emandako ezetzarekin gelditu. Haren esanetan, ulertzen du guraso askok beldurra sentitzea. "Ni psikologoarengana joan nintzen eta ez zidan ezertxo ere atera. Bilatu dezatela espezializatutako norbait, ez dezatela pasatzen utzi", aholkatu die.

36 urteren ondotik, Pepe Godoyk sufritutako abusuak eta eragin zizkion ondorioak gainditzea lortu du. Bi urtez, banakako eta taldekako terapia saioetara joan da, baita arrastoen inguruko tailer batera ere. "Kontatu nuenetik hazten joan naiz, helduagoa naiz, ez dut ohe azpian begiratzen eta lasaiagoa naiz", zehaztu du.

Godoyk berak bideoan kontatzen duenez, akusatuak modu jarraituan abusatu zuen berataz, eta, 36 urteren ondoren, umetan jasandakoa kontatu zion emazteari. Emazteak gertatutakoa Ertzaintzan salatu zuen, eta Garaitza elkarteak abiatutako kanpainaren eskutik publiko egin dute.

Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Basauri Gaurko albisteak Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Delituak Gizartea Albisteak Gaur Albisteak Umeak azken ordukoa Sexu erasoak