Gizartea -

Auzitegi Gorena

1.500 milioi euro baino gehiago, 'Prestige'n behin betiko kalte-ordaina

Hondamendia gertatu eta 16 urte geroago, Gorenak behin betiko kalte-ordainak zehaztu ditu, BEZ eta interesak barne. Erantzukizun handiena Espainiako Estatuak ordaindu beharko du.

Artxiboko argazkia: EFE
Artxiboko argazkia: EFE
Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Prestige-n hondamendiaren inguruko erantzukizun zibila zehaztu du Auzitegi Gorenak behin betiko epaian. Kalte-ordaina 1.500 milioi baino gehiagokoa izango da. Espainiako eta Frantziako estatuek, Galiziako Xuntak eta beste 269 eragilek ordaindu beharko dute.

Era berean, Apostolos Ioannis Mangouras ontziko kapitainak (bi urteko espetxe-zigorra ezarri zioten), The London Steamship Owners Mutual Insurance Association aseguru-etxeak, Hidrokarburoen Kutsadurako Kalteak Ordaintzeko Nazioarteko Funtsak (FIDAC) eta Mare Shipping INC ontziaren jabeak ordaindu beharko dute.

Hondamendia 2002ko azaroaren 19an gertatu zen. Fisterrako (Coruña) kostaldean sei egun jitoan eman ondoren, 77.000 tona fuel-olio zeramatzan Prestige bitan zatitu eta hondoratu zen. Isuri ikaragarria eragin eta Galiziako kostaldea estali zuen. Gainera, kutsadurak 1.700 kilometro kostalderi eragin zion, Portugaletik Frantziara. Ontziak Bahametako bandera zuen.

Orain, 16 urte geroago, Gorenak behin betiko kalte-ordainak zehaztu ditu: 1.500 milioi euro baino gehiago, BEZ eta interesak barne. Erantzukizun handiena Espainiako Estatuak ordaindu beharko du.

Coruñako Auzitegiak 1.573 milioi euroko erantzukizun zibila ezarri zion Estatuari, baina Gorenak zenbateko hori areagotu du, Fiskaltza, Estatuko Abokatutza, Frantzia eta FIDACen helegiteak onartu ondoren. Gorenak arrazoia eman die orain.

Coruñako Auzitegiak egin ez bezala, Gorenak BEZa barneratu du kalte-ordainetan: 43,6 milioi euro Espainiaren kasuan.

Gainera, Europar Batasuneko diru-laguntzak deskontatzerik ez dagoela ebatzi du Gorenak. Londreseko aseguru-etxeak 275 milioi euro baino gehiago zenbatu zituen helegitean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Gorena Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Kutsadura gaur