Gizartea -
Indarkeria matxista
Sexu erasoa jasan duen 13 urteko neskato bat egoera larrian dago, Bartzelonan
Ostiralean gertatu zen erasoa Kataluniako hiriburuko saltoki handi batean. Erasotzailea atxilotu egin dute, neskatoari buruan kolpe bat emateagatik eta ustezko bortxaketagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sexu erasoa jasan duen 13 urteko neskato bat egoera larrian dago, Bartzelonan. Erasoarekin lotuta, Esquadra Mossoek 15 urteko gazte bat atxilotu dute bart, dirudienez neskari buruan kolpe handi bat eman ziolako eta ustez bortxatu egin zuelako. Aipatu iturrien arabera, Vall d'Hebron ospitalean dago neskatoa.
El Periodico de Catalunyak, bestalde, erasoari buruzko datu gehiago zabaldu ditu. Hain zuzen ere, jakinarazi du, ostiralean, 19:00ak aldera jazo zela erasoa Nou Barriseko saltoki handi bateko aparkalekuko bainugelan.
Merkataritza-gune horretako langileek gertatutakoaren berri eman zieten larrialdi zerbitzuei. Erasoa jazo zen lekura iritsi zirenean, 13 urteko neskatoa artatu zuten lehenik, konorterik gabe zegoelako. Gainera, ustezko erasotzailea artatu behar izan zuten, mozkortuta omen zegoelako.
Larrialdi zerbitzuek zehaztu dutenez, buruan kolpe handia eta lepoan ubeldurak zeuzkan neskak. Horregatik, ospitalera eraman zuten, egoera larrian.
Dena dela, ospitaleko iturriek gaur argitu dutenez, oraindik larri badago ere, pixkanaka hobera egiten ari da.
Esan bezala, mossoek 15 urteko mutikoa atxilotu zuten, erasotzailea zelakoan. Ondoren, polizien galdeketari erantzun zion, baina neskatoarekin sexu harremanak izan zituela baino ez zuen onartu.
Mossoek argitu dute ikerketa abiatu dutela, ustezko bortxaketa horren aurrean. Nolanahi dela, ezin izan dute argitu atxilotua adin txikikoen Fiskaltzaren esku utzi duten ala ez.
________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.