Gizartea -

Azpiegitura berria

Metroa Basaurira heldu da Arizko geltoki berriarekin

Metroaren garapena aurrera eramateko administrazio ezberdinen arteko lankidetza beharrezkoa izan dela goraipatu du Patxi Lopez lehendakariak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Metro Bilbaok Arizko geltoki berria inauguratu du gaur Basaurin. Azpiegitura berriak Basauri eta Abando zazpi minututan lotuko ditu. Patxi Lopez lehendakariaren hitzetan, "herritarrei metroaren zerbitzua, ondasun publikoa, zabaltzea" suposatzen du.

Lehen Etxebarrin amaitzen zen lineari kilometro bat gehitu dio Ariz-Basauriko geltokiak. Gainera, udazkenean 1.300 metro berri gehiago izatea espero dute, Basauriko geltoki nagusia zabaltzen dutenean.

"Urte asko itxaroten egon ostean, azkenean ere", metroa Basaurira heldu da Arizko geltoki berriarekin. Basauri Bizkaiko garraio egitura "antolatuan" barneratzen du azpiegiturak.

Metroaren garapena aurrera eramateko administrazio ezberdinen arteko lankidetza beharrezkoa izan dela goraipatu du Lopezek, eta horrela izaten jarraitu behar duela azaldu du.

Enrique Antolin Garraio sailburu eta Basauriko alkate ohia Metro Bilbaoren lehen bultzatzaileetariko bat izan zela gogorarazi du lehendakariak.

Metroa Etxebarritik Basaurira eramateko obrek lau urte baino gehiagoko iraupena izan dutela gogorarazi du Lopezek. Lanak egiteko ardura euskal enpresek (% 90) izan dute.

Bilbao

Bestalde, Basauriko herritarrak zoriondu ditu Jose Luis Bilbao diputatu nagusiak. Azpiegiturak Basauritarrei "mugikortasun aukera anitzak" emango dizkiela ziurtatu du agintariak. Horregatik, herritarrak garraio zerbitzua erabiltzera animatu ditu diputatu nagusiak.

Metroa "hamar urteko atzerapenarekin" heldu dela adierazi du Loly de Juan Basauriko alkateak, baina pozik agertu da geltoki berriarekin eta udazkenean inauguratuko duten bigarren geltokiarekin.

Geltokiak

Etxebarri-Ariz-Basauri (2.372 metro) ibilbidea betetzen dutenean, 43.000 bezerori zerbitzua ematea espero du Metro Bilbaok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea