Gizartea -
Nafarroa
Bi atxilotu Nafarroan, lan esplotazioa helburu duen giza salerosketagatik
Mahastien inausketan lan egiten duten hainbat lagun identifikatu ditu Guardia Zibilak. Esplotatutako beharginek onartutakoa baino lanaldi askoz luzeagoak egiten zituzten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Guardia Zibilak bi lagun atxilotu ditu Nafarroan, lan esplotazioa helburu duten giza salerosketa delituengatik. Gainera, langileen eskubideen aurkako delitua ere egotzi diete atxilotuei, eta biktimetako zazpi identifikatu dituzte; Portugaleko zonalde txiroetatik iritsitako herritarrak, guztiak.
Ohar baten bidez Guardia Zibilak jakitera eman duenez, urtarrilean abiatu zuten ikerketa, Nafarroako Lan Ikuskaritzaren laguntzarekin. Harrezkero, mahastien inausketan eta mahats-bilketan lan egiten duten hainbat pertsona identifikatu dituzte.
Ikerketa horri esker jakin dute esplotatutako beharginek onartutakoa baino lanaldi askoz luzeagoak egiten zituztela, eta modu "ilegalean" jasotzen zutela lansaria. Izan ere, atxilotuetako batek (Patrono izenarekin da ezaguna) kobratzen zituen soldatak oso-osorik, eta bera arduratzen zen, denboraldia amaitzean, beharginen artean diru hori banatzeaz.
"Osasun baldintza oso txarrak zituzten, salgaien garraiorako erabiltzen diren kontainerretan bizi zirelako, Patronoren etxeko lorategian", adierazi dute ikerketa iturriek.
Bestalde, agenteek ondorioztatu dute ustezko esplotatzaileak ere portugaldarrak direla, eta Portugalen bertan "jasotzen" zituztela biktimak. Horietako askok ez zekiten idazten, ezta irakurtzen ere, baina lehen begiratuan lan baldintza erakargarriak eskaintzen zizkieten. Ondoren Nafarroara eramaten zituzten, nekazaritzarekin lotutako lanak egiteko.
Horren adibide gisa, Guardi Zibilak azaldu du upategietan lanean dabiltzanek orduko 6 euro inguru irabazten dituztela eta 9 orduko lanaldiak dituztela. Aitzitik, Patronok orduko 2 euro ordaintzen zizkien.
Gainera, 20 eta 25 euro artean ordaintzen zituzten ostatua eta janaria jasotzearen truke.