Gizartea -

Genero indarkeria

Bi emakume atxilotu dituzte euren bikotekideei erasotzeagatik

Bilbo eta Ormaiztegiko bi emakume atxilotu dituzte genero indarkeria egotzita. Gizonezkoetako batek sudurra hautsita zuen eta besteak buruan ebaki batzuk zituen.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 24 urteko emakume bat atxilotu du gaur goizean Bilbon, bere bikotekide ohiari sudurra hausteaz gain, ebaki eta ubeldurak egitea leporatuta. Ormaiztegin ere beste emakumezko bat atxilotu zuten atzo bere bikotekidea erasotzeagatik.

Herrizaingo Sailak zabaldu duenez, Bilbon gertatutako erasoa goizaldeko lau eta erdiak aldera izan da, emakumea gela bat alokatuta duen pisura iritsi denean. Bertara heldu eta minutu batzuetara, gizonezkoak (honek ere gela bat alokatuta du pisu berean) Ertzaintzari deitu dio, eraso jasaten ari zela-eta, laguntza eskatzeko.

Bertara joan den patruilako agenteek, gizonezkoak sudurra puskatuta zuela eta ahotik odoletan zegoela ikusita, anbulantzia bati deitu diote osasun zentro batera eramateko.

Dirudienez, emakumeak objektu batzuk jaurti eta aurpegian ukabilkadak eman dizkio. Hori dela eta, agenteek atxilotu egin dute, etxeko indarkeria leporatuta.

Bestalde, beste emakume bat atxilotu zuten atzo bere bikotekideari erasotzea egotzita. Gertakariak iluntzeko zortziak laurden gutxitan izan ziren, Ormaiztegiko etxebizitza batean. Patruila etxebizitzara iritsitakoan, 29 urteko susmagarria atxilotu zuen, gizonezkoak buruan ebaki bat eta gorputz osoan atzaparkadak eta kolpeak zituela ikusi ondoren. Biktima osasun zentro batean tratatu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea