Gizartea -
EPAIA
Espetxealdi iraunkor berrikusgarria berretsi diote Alicia haurraren hiltzaileari
Epaiketan, 17 hilabeteko haurra leihotik bota izana onartu zuen eta espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezarri zioten. Defentsak helegitea aurkeztu bazuen ere, atzera bota du EAEko Justizia Auzitegiak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du, Gasteizen 17 hilabeteko Alicia haurra hil eta haren ama hiltzen ahalegindu zen gizonari Arabako Probintzia Auzitegiak ezarritako espetxealdi iraunkor berrikusgarria. Defentsa abokatuak apelazioko errekurtsoa aurkeztu zuen, errugabetasun presuntzioa eta benetako babes judiziala izateko eskubidea urratu zizkiotela argudiatuta. Dena den, Auzitegi Nagusiak atzera bota du.
Gizonak, jatorriz Sevillakoa zen musika irakasleak, umea leihotik bota izana aitortu zuen epaiketan, urtebeteko haurrak "gaizkiaren hazia" zuela iritzita.
Ostegun honetan ezagutzera eman den epaiaren arabera, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du defentsak aurkeztutako apelazio helegitea. Defentsaren ustez, bere bezeroaren errugabetasun presuntzioa eta benetako babes judizialerako eskubidea urratu ziren.
Auzitegiaren iritziz, ordea, kondenatuak haurra hiltzeko asmoa zuela egiaztatzeko adina froga daude. Halaber, epaimahaiak epaia ematerakoan erabilitako arrazoiak "nahikoak" direla iritzi dio eta ez du uste zigortua gaixo zegoenik.
Euskal Autonomia Erkidegoko epaitegi edo auzitegi batek espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezartzen duen lehen aldia da.
Defentsak kasazio helegitea aurkez dezake orain Auzitegi Gorenaren aurrean.