Gizartea -

Aurreikuspena

Eguraldi hotz eta lehorra urtea agurtzeko eta 2019ari ongietorria egiteko

Euskalmeten arabera, abenduaren 31koa egun “lasai eta eguzkitsua” izango da, eta urtarrilaren 1ean ere eguzkia izango da nagusi. Hotz egingo du halere, batik bat goizetan.

Bilbo

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak presio altuen eraginpean jarraituko dute datozen egunetan, eta, horrela, eguraldi lehor eta egonkorra izango dugu Gabon zaharrean urteari agur esan eta Urteberri egunean 2019ari ongietorria egiteko, Euskalmet euskal meteorologia agentziak egindako iragarpenaren arabera.

Hain zuzen, astelehenean, abenduak 31, eguna lainoguneekin hasiko da barnealdeko leku askotan eta giro hotzarekin. Goizaldean baliteke izotza sortzea barnealdean, batez ere Araban. Goizak aurrera egin ahala, baina, lainoa desagertu egingo da eta eguerdi partean giro eguzkitsua izango da. Kostaldean ipar-ekialdeko haizea ibiliko da arratsaldean, eta behe hodei batzuk sor daitezke.

Tenperaturei dagokienez, minimoak zeropera jaitsiko dira barnealdean, bereziki Araban. Tenperatura maximoak 13-14 gradu ingurukoak izango dira kostaldean, eta 10-12 gradu ingurukoak barnealdean.

Halaber, asteartean, urtarrilak 1, aldaketa handirik gabe jarraituko du giroak. Goizaldean hotz egingo du eta izotza egingo du barnealdeko zenbait lekutan, bereziki Araban. Lainoguneak ere agertuko dira. Orduak pasa ahala, goxatu egingo du eta lainoa desagertu egingo da. Beraz, eguerdi partean giro eguzkitsua espero dugu. Tenperatura maximoak 15 ºC ingurukoak izango dira kostaldean eta zertxobait baxuagoak gainerako tokietan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguraldia Gizartea