Gizartea -
'Zaindu' programa
Jaurlaritzak medikuak prestatuko ditu, tratu txarrak identifikatzeko
Indarkeria sexistaren kasuak identifikatzen ikas dezaten heziko dituzte osasun-langileak. Biktimak bere bizitza arriskuan dagoela uste badu, medikuak horren berri eman beharko dio Ertzaintzari.
Erredakzioa
"Zaindu, Genero Indarkeriaren kontrako osasun-langileak" programa abian jarri dute Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak. Osasun-langileak kontsulta batean indarkeria matxistaren kasuak identifikatzeko gai izatea du helburu.
Horretarako, Osakidetzak gida bat banatuko du lehen arretako kontsultetan, etengabeko arreta guneetan, osasun mentaleko sailetan, pediatrian, obstetrizian eta ginekologian, traumatologian, eta larrialdietako zerbitzuetan.
Susmorik edo arriskurik badago, medikuak egoera aztertu eta emakumeari elkarrizketa kliniko bat egingo dio, datu gehiago ezagutzeko. Ondoren, biktimaren jarraipena egingo du. Gainera, hiltzeko arriskuan egon litekeela uste badu, osasun-langileak Ertzaintzari nahiz gizarte-laguntzako zerbitzuko langileei beharko die horren berri.
Gainera, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimen konfiantza sustatzeko, Osakidetzak kartel hauek jarriko ditu irakurgai: "Osasun-profesionalok zure ondoan gauzkazu hitz egiteko, entzuteko, ulertzeko, laguntzeko. Tratu txarren biktima bazara, hitz egin gurekin gertatzen zaizunari buruz, beldurrik gabe, konfiantza osoz. Hitz egingo dugu?".