Gizartea -

GABONAK

Zinema oinarri ibiliko dira Errege Magoak Bilbon barrena

Aurten ere, Bilboko Udalak hainbat neurri inklusibo hartu ditu kontuan, hala nola, mugikortasun urrituko pertsonei lekua gordetzea eta glutenik gabeko gozokiak banatzea.

Errege Magoen agurra. Argazkia: EFE
Errege Magoen agurra.
Errege Magoen agurra. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errege Magoak Bilbotik pasatuko dira musikaz, erritmoz eta kolorez betetako kabalgata batean, urtarrilaren 5ean, Kale Nagusitik udaletxeraino.

Desfilea 18:00etan hasiko da Kale Nagusian, Maria Diaz de Harorekin kantoi egiten duen lekuan. Lehenengo karrozak 19:30an helduko dira udaletxera, gutxi gorabehera.

Bertan, Juan Mari Aburto alkateak eta Itziar Urtasun Jai zinegotziak harrera egingo diete Errege Magoei eta, 19:50ak aldera, bere ohiko mezua helarazi eta gero, agurra egingo dute udaletxearen eraikin nagusiko balkoitik.

Ondoren, 20:10ak aldera, Errege Magoak ezagutzeko aukera izango dute umeek Arabiar Aretoan. Bilboko Udalak animazio-talde bat kontratatu du Meltxor, Gaspar eta Baltasar agurtzeko ilaran egongo diren familiekin jolasteko.

 

Errege Magoen Kabalgataren ibilbidea. Argazkia: Bilboko Udala

 

Pelikulen protagonistak

Aurten, zinema eta animazioa izango dira Errege Magoen desfilearen gai nagusiak. Meltxor, Gaspar eta Baltasarrekin batera, zenbait pelikularen protagonistak arituko dira: Peter Pan, Txilintxo eta Kako-oker kapitaina; ‘Galaxietako Gerra’ko eta ‘Legion 501’eko protagonistak; Batman, Superman, Spiderman eta Wonder Woman komiki-pertsonaiak; ‘Jurassic World’eko dinosauroak; ‘Frozen’ pelikulako Elsa, Anna eta Olaf; eta ‘Toy Story’ko jostailuak, besteak beste.

Betiko karrozak ere han izango dira, esate baterako, Ekialdeko Izar Handiko karroza, errege-bulegoko postariek osatutako Posta Saileko karroza, ‘Ice Dance’ eta, nola ez, Erregeen hiru gurdi handiak eta Gozokien Fabrika.

Guztira, 400 lagun baino gehiago arituko dira lanean magiak Bilboko kaleak har ditzan. Gainera, dena ondo atera dadin, Su-hiltzaileetako eta Bilboko Udaltzaingoko taldeek ahaleginak egingo dituzte. Bestetik, Garbiketa Zerbitzuetako kideek kaleak txukun utziko dituzte kabalgata igaro ondoren.

 

Errege Magoen Kabalgataren parte-hartzaileak. Argazkia: Bilboko Udala

 

Kabalgata inklusiboa

Herritar guztiek parte hartu ahal izateko, Bilboko Udalak hainbat inklusio-neurri hartu ditu. Alde batetik, glutenik gabeko gozokiak banatuko dituzte kabalgatan zehar.

Mugikortasun arazoak dituzten umeek leku propioa izango dute Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregiaren aurrean (Kale Nagusia 25), kabalgata hesirik gabe ikus dezaten. Era berean, Arabiar Aretoan Erregeei harrera egiteko, sarrera bereziak prestatuko dituzte udaletxearen alboetan.

Horrez gain, Erregeekin batera, keinu interprete bat ere izango da udaletxeko balkoian zein Arabiar Aretoan egingo den ekintzan. Bukatzeko, 30 kilo konfeti biodegradagarri botako dituzte.

 

Karrozak

  1. Su-hiltzaileen kamioia
  2. Izarra (karroza)
  3. Posta Expressa (kaleko animazioa)
  4. Posta Saila (karroza)
  5. ‘Sekula Betiko Lurralde’rako bidaia  (karroza)
  6. ‘Toy Story’ko jostailuak (karroza)
  7. ‘Jurassic World’ (kaleko animazioa)
  8. Super-heroiak (karroza)
  9. ‘Legion 501’ (kaleko animazioa)
  10. ‘Galaxietako Gerra’ (karroza)
  11. 'Ice Dance' (kaleko animazioa)
  12. ‘Frozen’ (karroza)
  13. Meltxor erregea (karroza)
  14. Gaspar erregea (karroza)
  15. Baltasar erregea (karroza)
  16. Gozoki Fabrika (karroza)

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala albisteak Bilbo berriak Bizkaiko albisteak EAE albisteak Gabonak Gizartea Errege magoak