Gizartea -
Eguraldia
Ostegunera arte luzatu dute elurragatik ezarritako abisua: 400 metrora egin dezake
Asteazkenean 500-700 metrora egin dezake, baina ostegunean 200-400 metrora kokatuko da elur-maila. Dena dela, ez da prezipitaziorik espero 400 metrotik behera.
Agentziak | erredakzioa
Lurraldearen barnealdean elurragatik ezarritako abisu horia ostegunera luzatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, egun horretan elur-maila 200-400 metrora jaitsiko baita. Dena dela, prezipitazio txikia egingo du, eta ez da espero 400 metrotik behera egitea.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak indarrean dauden abisuen inguruko informazioa gaurkotu du astearte honetan. Asteazken gauean sartuko da indarrean elurragatik ezarritako abisua, 21:00etan. Elur-kota 500-700 metrora kokatuko da.
Euskalmeten iragarpenaren arabera, eguna bustitik joango da. Zerua hodeitsu egongo da eta euria egingo du, bereziki ipar partean. Iparraldeko haizea bizi ibiliko da eta traba egingo du tarteka, bereziki kostaldean eta Ebro ibarretik gertu. Tenperatura maximoek behera egingo dute, eta 10 ºC-tik behera kokatuko dira gehienean.
Ostegunean are gehiago jaitsiko da elur-maila: 200-400 metrora, hain justu. Prezipitazio txikia egingo du, bereziki egunaren lehen partean eta lurraldearen mendebaldean. Hala, 400 metrotik behera ez da prezipitaziorik espero (aurreikusitako lodierak: 0-4 cm, 1.000 metrora; 0-3 cm, 600 metrora, eta 0 cm, 200 metrora). Abisua gauerditik 10:00etara egongo da indarrean.
Euriarekin itzartuko bagara ere, egunak aurrera egin ahala, atertzera eta argitzera egingo du ekialdetik hasita. Gauean ostarteak zabalduko direnez, asko hoztuko du eta izotza egin dezake.