Gizartea -
Bost urte desagertuta
Borja Lazaroren desagertzea ez ahazteko deia egin du familiak
Borja Lazaro duela bost urte desagertu zen Kolonbian. "Orduz geroztik ez da aurrerapenik izan ikerketan, eta ez dago arrastorik ere", deitoratu du haren anaiak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Duela bost urte desagertu zen Borja Lazaro gasteiztarra Kolonbian. Gaur, haren familiak, lagunek eta euskal erakundeetako ordezkariek elkarretaratzea egin dute, kasu hori ahaztu ez dadila eta ikertzen jarrai dezatela eskatzeko.
Arratsaldean, hamabost minutuko bilkura isila egin dute Urrezko Zeledonen plazan, Borja Lazaroren argazkia eta 'Zure zain gaude' leloa zuen pankartaren atzean.
Elkarretaratzean, Borja Lazaroren gurasoak, anaia eta beste senide batzuk izan dira, eta, besteak beste, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua ere egon dira bertan.
Ana Maria Herrerok esker ona adierazi die bere semea oroitzeko mobilizazioan bildu direnei, eta elkarretaratzea zer gertatu zen argitzea ezinbestekoa dela adierazteko egin dutela esan du.
Borja Lazaro desagertu zenetik bost urte igaro badira ere, "ikerketak hasierako egunean bezala jarraitzen du, eta ez dute aurrera egiteko arrastorik topatu", salatu du haren anaiak.
Nolanahi ere, Kolonbiako agintariek ikertzen segitzea nahi du familiak, eta horretarako presioa egiteko eskatu die Espainiak Kolonbian duen enbaxadari eta Cartagenako kontsulatuari.
Borja Lazaro 2014ko urtarrilaren 8an desagertu zen La Guajira eskualdean, hara argazki-erreportaje bat egitera joan zenean. 34 urte zituen orduan.
Urtarrilaren 7tik 8rako gauean ikusi zuten azkenekoz, Alemaniako eta Txileko beste turista batzuekin eta zenbait kolonbiarrekin taberna batean zerbait hartzen ari zela.
Haren gauza guztiak (nortasun agiriak eta argazki-kamera, besteak beste) ostatu hartuta zegoen etxean topatu zituzten.