Gizartea -

Polizia operazioa

25 pertsona atxilotu dituzte, batzuk Bizkaian, ia hiru tona marihuanarekin

Estatuan inoiz atzemandako marihuana karga handiena da honakoa.

Atzemandako marihuana karga. Argazkia: EFE
Atzemandako marihuana karga.
25 atxilotu Katalunian eta Bizkaian, 2.700 kilo marihuana edukitzeagatik

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak 25 pertsona atxilotu ditu Espainiako Estatuan, batzuk Bizkaian, eta Katalunian 2.700 kilo marihuana atxiki ditu, inoiz atzemandako karga handiena.

Desegindako sarearen arduradun nagusiak britainiarrak eta holandarrak dira, atxilotutakoen artean nazionalitate ezberdinekoak dauden arren. 20-60 urte artean dituzte atxilo hartutakoek.

Horrez gain, bi marihuana sail topatu dituzte Cabrera de Mar (Bartzelona) eta Calafell (Tarragona) herrietan, eta 98 kilo haxix atzeman dituzte.

Ikerketa iazko apirilean abiatu zuten, La Junqueran (Girona) barazkiz betetako kamioi batean ezkutatuta 400 kilo marihuana eta 20 kilo haxix aurkitu zituztenean. Holanda omen zuen jomuga kamioiak.

Marihuana eta haxixa hazi, prestatu eta banatzen zuen sare bat zegoela egiaztatu zuten ikertzaileek. Sare hori Katalunian eta Euskadin aritzen zen batez ere.

Erresuma Batura eta Herbehereetara bidaltzeko

Egunero marihuana kopuru handiak biltzen zituzten eta beste talde batzuen esku uzten zuten, horiek Herbehereetara eta Erresuma Batura eraman zitzaten. Kamioietan ezkutatzen zuten droga, hala nola, boxeo-baloietan, pufetan, alpapa zakuetan, ardo eta garagardo botilen artean edota barazki paleten artean.

Agenteek 17 miaketa egin dituzte etxebizitza eta industria pabiloietan, eta aipatutako drogaz gain, honakoak atzeman dituzte: 160.000 euro esku-dirutan —75.000, sarearen buruetako baten garajeko lurzoruaren azpian— droga prestatzeko gailuak eta arma bat.

Cabrera de Mar herrian (Bartzelona) laborategi bat topatu dute, kalamua haxix likidoko kapsulak bihurtzen zuten.

Castelldefelsen (Bartzelona) atxiloketa batzuk egiteko unean, sareko bi kide agenteak autoarekin harrapatzen saiatu eta Guardia Zibilaren beste ibilgailu baten kontra joan ziren.

Hainbat delitu egotzi dizkiete atxilo hartutakoei: gaizkile taldeko kideak izatea, osasun publikoaren kontrako delitua egitea, armak baimenik gabe edukitzea, dokumentuak faltsutzea eta argindar iruzurra egitea (85.000 euro).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Delituak Drogak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak