Gizartea -

IBAR KASUA BERRIZ AUZITEGIETAN

EiTBren dokumental bat erabakigarria izan daiteke Pablo Ibarren epaiketan

Defentsak dio Ibarren kontrako probak kutsatuta egon daitezkeela eta hori erakusteko, ETBn emititu zen dokumental bat jarri diote epaimahaiari: fiskala ageri da, frogak eskularrurik gabe ukitzen.

Pablo Ibar bere kontrako epaiketaren une batean, mahaian eserita. ETBko bideo bateko irudia.
Pablo Ibar bere kontrako epaiketaren une batean, mahaian eserita.
Pablo Ibar auziaren frogak ukitu ditu fiskalak, eskularrurik erabili gabe

0:46

AMAIA URIBE | EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EiTBren dokumental bat erabakigarria izan daiteke Pablo Ibarren kontrako epaiketan.

Defentsak hala eskatuta, La duda razonable dokumentalaren bi minutu ikusi dituzte epaimahaiko kideek. Joserra Plazak zuzendu zuen eta 2001ean emititu zen ETBn.

Irudietan Chuck Morton fiskala ageri da, bere eskuekin Ibar kasuko frogak ukitzen, eskularrurik gabe. Defentsak agertu nahi duena da frogak ez direla ondo zaindu eta kutsatu egin ahal izan direla.

Hain zuzen ere, froga horietako bat hiltzaileetako batek burua estaltzeko zeraman kamiseta da. Bederatzi DNA azterketa egin ostean iaz partzialki Pablo Ibarren DNArekin bat egiten zuen orban txiki bat aurkitu zuten.

Kamisetaren inguruan, defentsak Eskoziatik ekarri duen DNA aditu batek esan du orbana txikiegia dela froga moduan hartzeko eta ematen duela orbana "kutsadura baten ondorioz agertu" dela.

Astelehenean deklaratuko du defentsaren azken lekukoak eta azken ondorioak plazaratuko dituzte. Hala, asteazkenean amaitu daiteke epaiketa, eta horren ostean, epaimahaiko kideen esku geratuko da Pablo Ibarren etorkizuna.

Ibarrek 24 urte daramatza kartzelan, hiru pertsona hiltzeaz akusatuta. Heriotzaren korridorean eman du denbora hori guztia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Pablo Ibar Gizartea Albisteak Gaur Eguneko albisteak