Gizartea -
ERASOA
Labanaz zauritu dute emakume bat Durangoko taberna batean izan den liskarrean
Istiluen berri izan eta 09:30 aldera bertaratu da Ertzaintza. Antza denez, sabelaldean "zauri txikia" zuen emakumeak eta Galdakaoko ospitalera eraman dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, emakume bat labanaz zauritu dute gaur goizaldean Durangon, taberna batean izan den liskar batean.
Taberna horretan istiluak izaten ari zirenaren abisua jaso, eta 09:30 aldera agertu da Ertzaintza bertara. Han, sabelaldean "zauri txikia" zuen emakume bat aurkitu dute, eta Galdakaoko ospitalera eraman dute.
Oraingoz ez dago atxiloturik. Ertzaintzak ikerketa ireki du eta lekukoen testigantzak jasotzen ari da zer gertatu den argitzeko.
Erasoa arbuiatu du Udalak
Durangoko Udalak gazteak jasandako zauriak deitoratu ditu, eta "laster osatzea" opa dio. EAJk, PSEk, Herriaren Eskubideak eta PPk sinatutako adierazpen batean, Udalak "bere erabateko gaitzespena" adierazi du, eta "edozein indarkeriazko ekintza" gaitzetsi du.
Era berean, "Durango udalerri tolerantea eta adeitsua da herritar guztiekin", eta "bake eta armonia giroa" dago.
Azkenik, "espazio publikoak gizalege eta elkarbizitza lekuak bezala mantentzea" eskatu du, hiritarrek "askatasunez eta modu seguruan bizi ahal izateko".