Gizartea -
GENERO INDARKERIA
Sexu delituengatik espetxeratutako 2.761 presoetatik %8k soilik jasotzen dute terapia
Gainera, beste 3.927 pertsona daude Espainiako Estatuko kartzeletan genero indarkeriarekin lotutako delituengatik, eta horien %13k bakarrik hartzen dute parte, boluntarioki, tratamendu-programetan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2.761 pertsona ari dira gaur egun sexu-delituengatik zigorra betetzen Espainiako Estatuko kartzeletan, eta soilik 230 (%8 pasatxo) ari dira modu boluntarioan, Espetxe Zuzendaritzak duela bi hamarkada martxan jarritako gizarteratzeko programa terapeutikoetan parte hartzen. Programa horien helburua, delitu horiek berriz ere egitea galaraztea da.
"Edozein espetxe sistemaren erronka nagusia presoak sartu ziren baino hobeto ateratzea da. Hori lortzen ez den heinean, sistema porrot egiten ari da" esan du Angel Luis Ortiz Espetxe Zuzendaritzako idazkari nagusiak.
Azken datuen arabera, presoen %69k ez dute berriro horrelako deliturik egiten, baina "birgizarteratzea zaila den %31ko portzentajea dugu". "Berriz ere delituak egingo dituztela ia ziurtasun osoz dakigun pertsonen kasuan, Espetxeetako arduradun nagusiak zaintzapeko askatasuna defendatu du, Zigor Kodean nahiko berria den neurria. Zaintzapeko askatasunak 11 kontrol neurri ezartzen dituela azaldu du, baina zaintzapeko askatasuna eraginkorra izateko oraindik ere hainbat gauza aldatu behar direla gehitu du.
3.927 preso genero indarkeriagatik
Aurreko horiez gain, beste 3.927 pertsona ere preso daude genero indarkeriarekin lotutako delituengatik Espainian. Horietako 496 bakarrik (%13 inguru) ari dira euren borondatez tratamendua jasotzen.
Eta ez da ahaztu behar beste 4.000 pertsona zigortu ere badaudela delitu hauengatik, baina zigor txikiak jaso dituztenez (bi urtez azpikoak), kartzelan sartzea ekidin dutela, terapia hauetan parte hartzearen truke.
Espetxe Zuzendaritzako idazkari nagusiak azaldu duenez, programa horiek gehitu eta zuzenduko dituzten profesional gehiago jartzea da orain lan-ildo nagusietako bat.
Horrekin batera, hirugarren graduak edo erdibideko askatasun egoerak bultzatu nahi dituzte, presoei kontrol neurriak ezarriz. Eman dituen datuen arabera, Espainian %16 dira hirugarren graduan dauden presoak. Espetxeetako eskumena bere gain duen Katalunian %22 eta Europako zenbait herrialdetan %25.