Gizartea -

Garraioa

Barik, Mugi eta Bat txartelak EAEko garraiobide guztietan izango dira erabilgarri

Bilboko metroko 1 eta 2 lineetan Mugi txartela onartuko dute, eta Lurraldebusen zerbitzu guztietan Bat eta Barik txartelak erabili ahalko dituzte bidaiariek.

Metro Bilbao. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Barik, Mugi eta Bat txartelak EAEko garraiobide guztietan izango dira erabilgarri
Metro Bilbao. ETBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barik (Bizkaia), Mugi (Gipuzkoa) eta Bat (Araba) txartelak Euskal Autonomia Erkidegoko garraiobide guztietan izango dira erabilgarri aurki, Renfe Aldiriak zerbitzuan salbu. Izan ere, Renfe ez dute euskal erakundeek kudeatzen, Sustapen Ministerioak baizik.

Euskadiko Garraio Agintaritzak Gasteizen gaur izan duen bilerak Arantxa Tapia Ekonomiaren eta Azpiegituretako presidentea izan du buru, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako garraiobideetako ordezkariak ere izan dira bertan.

Hala, 2014ko Elkarreragingarritasun Planari eutsita, Bat, Barik eta Mugi txartelak % 100ean erabili ahalko dira euskal erakundeek kudeatzen dituzten garraiobide publikoetan.

Gutxi gorabehera, bi hilabeteko epea beharko du horretarako Bizkaiko Garraio Partzuergoak. Bat txartela erabilgarri dago jada Metro Bilbaoren 1 eta 2 lineetan; Mugik, aitzitik, ez du oraindik horretarako aukera ematen.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak esan du Lurraldebusen Bat eta Barik txartelak onartzeko lanean ari dela, Eusko Jaurlaritzak ohar batean jakinarazi duenez.

Horrela, bidaiariek EAEko garraiobide guztietan erabili ahalko dituzte hiru txartel horiek. Hori lortutakoan, txartel bakarra sortzea izango da hurrengo urratsa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba EAE albisteak Metro Bilbao Gizartea Bizkaibus Eguneko albisteak Albisteak Lurraldebus Garraio komuna gaur