Gizartea -
Lehiaketaren debekua
Bilboko Konpartsak udal-araudia salatu du, babarrun lehiaketa eginda
Bilboko Konpartsetako kideek babarrunen lehiaketa gastronomikoaren simulakro bat egin dute, tankera honetako lehiaketak debekatzen dituen Udalaren araudi berriarekiko bere desadostasuna erakusteko.
Erredakzioa
Bilboko Konpartsetako kideek babarrunaz, ogi txigortuaz eta pontxez osatutako lehiaketa gastronomikoaren simulakro bat ospatu dute igande honetan, Bilboko Udaleko Espazio Publikoaren Araudi berriaren kontra protesta egiteko. Mota honetako lehiaketak debekatu ditu erregelamendu berriak.
Umorez eta salaketaz beteriko ekitaldia ospatu dute Bilboko Plaza Barrian. Bertan, "babarrunezko usainaz, ogi txigortuaren kontzeptu berriaz eta pontxeko aparraz" osatutako menua prestatu dute konpartsetako kideek itxurazko lehiaketa honetarako.
"Bilbo hiri modernoa da eta hura garbitzeko merkatuko azken tresnak izanda ere, hemen ezin dira zoruak zikindu", salatu dute Bilboko Konpartsek. Alabaina, datorren urteko inauteriei begira, lehiaketa gastronomiko hura "bai ala bai" ospatuko dutela eman dute jakitera. Udalak janaria prestatzeko "benetako filosofia erreala" aplikatu dezan espero dute konpartsek.