Gizartea -
Almeria
Mehatxuen bidez 600 adingaberen argazkiak lortzeagatik atxilotuta
Mutilak, 20 urtekoa, 500 profil baino gehiago zituen sare sozialetan, eta mehatxu eginez, biluzik agertzen ziren argazkiak bidaltzera behartzen zituen biktimak.
Erredakzioa
Espainiako Poliziak 20 urteko mutil bat atxilotu du Almerian, Internet bidez eta mehatxuak erabiliz 600dik gora adingabe biluzik agertzen ziren argazkiak lortzea egotzita.
Antza denez, mutilak 500 profil baino gehiago zituen sare sozialetan. Horiekin, balizko biktimei zuzentzen zitzaien, eta ''hackerra'' dela esaten zien. Horrenbestez, biluzik agertzen ziren argazkiak zituela eta, gehiago bidali ezean, Interneten publikatuko zituela ohartarazten zien.
Ikerketa egin ostean, Poliziak haren etxea miatu zuen, eta 1.000 bideo eta hainbat argazki atzeman zituen.
Ikertzaileek uste dute biktimak 600 baino gehiago izan litezkeela. Gazteari adingabeak galbideratzea, mehatxu egitea eta sekretuak argitaratzea egotzi diote.
Une honetan, biktimak identifikatzen ari dira.