Gizartea -

Indarkeria matxista

2003an emaztea hil zuen gizon batek beste emakume bat hil du Zaragozan

Orain hildako emakumea defentsako abokatua izan zuen emaztearen hilketaren epaiketan. Gizona baldintzapeko askatasunean zegoen.

Biktimaren gorpua gizonaren etxean topatu dute. Argazkia: EFE
Hilketa gertatu den etxebizitzaren atea
Biktimaren gorpua gizonaren etxean topatu dute. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon batek emakume bat hil du bart Zaragozan, Espainiako Gobernuak Aragoin duen Ordezkaritzak jakinarazi duenez. Iturrion arabera, 51 urteko gizon horrek aurrez, 2003an, bikotekidea hil zuen. Oraingo biktima abokatua zen, eta aurreko hilketa horren epaiketan, gizonaren defentsako abokatua izan zen.

Abokatuaren senarrak atzo arratsaldean salatu zuen emaztearen desagerpnea. Gorpua 02:00etan topatu dute Zaragozako Pradilla kaleko etxebizitza batean —ustezko erasogilearen etxean, hain zuzen ere—. Arma zuriz egindako hainbat zauri zituen emakumeak.

Hildakoa Rebeca Santamalia da, 48 urtekoa, zuzenbide penalean aditua. 2010etik 2012ra, Zaragozako Abokatu Kolegioko Espetxe Aholkularitza Zerbitzuko koordinatzailea izan zen. Hain justu, Kolegioaren batzordeak bilera egin du goizean. Kide berrien kargu-hartze ekitaldia zeukaten aurreikusita, baina bertan behera uztea erabaki dute, dolua adierazteko.

Hiltzaileak abokatu izan zuen oraingo biktima

Gizonak tiroz hil zuen bikotekidea 2003an, La Puebla de Hijar herrian (Teruel). 18 urteko kartzela zigorra ezarri zioten hilketagatik, eta gaur hildako emakumea haren defentsako abokatua izan zen. 2017ko urtarrilaz geroztik, baldintzapeko askatasunean zegoen, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren arabera.

Abokatua hil eta gero, gizonak bere buruaz beste egin du Teruelen.

______________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Indarkeria matxista Delituak argazkiak Espainia Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Abokatuak Tratu txarren biktimak Matxismoa Erailketak albisteak