Gizartea -

NAFARROA

Ipar-mendebaldeko haizea tarteko, 'nekez' iritsiko da hodei toxikoa Nafarroara

Sua goizaldean piztu da Errioxako Pradejon udalerriko birziklatze planta batean, eta horrek eragin du hodei toxikoa. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, oraingoz ez dago arriskurik.

Pradejon udalerriko birziklatze planta batean piztu da sua. Argazkia: SOS Rioja
Pradejon udalerriko birziklatze planta batean piztu da sua
Pradejon udalerriko birziklatze planta batean piztu da sua. Argazkia: SOS Rioja

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datozen orduetarako (gutxienez 18:00ak arte) espero den ipar-mendebaldeko haizea tarteko, Errioxan sortu den hodei toxikoa nekez iritsiko da Nafarroara. Calahorra inguruan piztu da sua goizaldean, Pradejon udalerriko birziklatze planta zahar batean eta horrek eragin du hodei toxikoa. Foruzaingoaren arabera, oraingoz ez dirudi Nafarroari eragingo dionik, eta lasaitasun mezua zabaldu du.

Nafarroako Gobernuak suhiltzaileen lehen txostena aipatuz adierazi duenez, hodeiaren toxikotasuna baxua da, eta, beraz, ez da beharrezkoa herritar arruntek inolako neurri berezirik hartzea. Arnasa hartzeko arazoak dituztenek, berriz, kontu handiagoa izan beharko dute.

Sute horren ondorioz, San Adrian, Azagra eta Andosilla udalerriak alerta egoeran daude, badaezpada. Nafarroako Gobernuak, bere aldetik, suhiltzaileak, foruzainak eta helikoptero bat bidali ditu San Adrian ingurura, sutearen nondik norakoak bertatik bertara jarraitzera.

Nafarroako Larrialdi Zerbitzuak Errioxako agintariekin eta Erriberako alkateekin harremanetan daude, horren jarraipena egiten.

Goizaldeko hirurak aldera piztu da sua Calahorratik gertu, Pradejon udalerriko birziklatze planta zahar batean.

Lantegiko patioan pilatutako alpaka pila batean hasi da sua, eta lau metroko altuerako garrak eragin ditu. Gainera, oso urrundik ikus daitekeen lainoa sortu da.

Suhiltzaileak lanean ari badira ere, sua itzaltzeko lanek luze jo dezakete. Hori dela eta, arnasa hartzeko arazoak dituzten pertsonei neurriak hartzeko eskatu diete, eta leihoak ez irekitzeko gomendatu diete inguruko bizilagunei.

INCENDIO SUTEA PRADEJON @SOSRioja

INCENDIO SUTEA PRADEJON @SOSRioja

Argazkia: SOS Rioja

Nafarroako Gobernuko Babes Zibileko Zerbitzuak San Adrian, Azagra eta Andosillako alkateak ohartarazi ditu, horizontalki mugitzen ari den hodei horrek udalerri horietan izan lezakeen eraginagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan Suteak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Lodosa albisteak Albisteak Euskal enpresak azken ordukoa Birziklatzea