Gizartea -

Trafikoa

Goiz korapilatsua errepideetan, hainbat istripuk eta ur-putzuek eraginda

Pertsona bat zauritu da AP-68an, Kuartangon (Araba), gidatzen zuen ibilgailua bidetik aterata.

Istripua izan duen furgoneta, aurreko aldea apurtuta duela
Istripua izan duen furgoneta, aurreko aldea apurtuta duela
Pertsona bat zauritu da AP-68an Kuartangon, furgoneta bat iraulita

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euriteak —alerta laranjan daude Bizkaia eta Gipuzkoa prezipitazio iraunkorrengatik— eta errepideetan dauden ur-putzu ugariak tarteko, istripu ugari jazo dira azken orduetan, Trafiko Zuzendaritzak jakinarazi duenez.

AP-8an, Abadiño parean (Bizkaia), hiru autok talka egin dute Irungo noranzkoan, eta bi errei itxi behar izan dituzte. Ondorioz, ilarak sortu dira. Hain justu, pilaketa horietan beste ezbehar bat eduki dute bi ibilgailuk.

Autobide berean, baina Deban (Gipuzkoa), arbola bat jausi da bidera Irungo noranzkoan. Kilometro bateko ilarak sortu dira. Horrez gain, inguru horretan istripua izan dute hiru autok, eta errei bat itxi behar izan dute.

AP-68an, Kuartango (Araba) parean eta Bilboko noranzkoan, pertsona bat zauritu da gidatzen ari zen ibilgailua errepidetik atera denean. Ezbeharra 07:00ak aldera jazo da eta, eskuineko erreia itxi dute, ibilgailua bertan geratu baita traba egiten. Hala, ilarak sortu dira.

Zauritutakoa suhiltzaileek atera behar izan dute ibilgailutik. Erietxera eraman dute.

Nafarroan, ez da istripu larririk izan azken orduetan, baina Foruzaingoak arretaz gidatzeko aholkatu du, euri-jasak direla eta.

Ur-putzuak eta bidera jausitako arbolak

Istripuez gain, nonahi ur-putzuak daudela ohartarazi du Trafiko Zuzendaritzak. Hortaz, kontuz gidatzeko eta segurtasun distantzia handitzeko gomendatu dute.

Hain justu, ur-putzu handi batek eraginda, itxi egin dute Autzagana mendatea (BI-635, Zugastieta eta Muxika artean), Gernikarako bidean.

Horrez gain, zuhaitz bana erori dira Derion eta Lekeitio eta Ondarroa batzen dituen BI-3438 errepidean, Mendexa parean. Azken bide hori itxi behar izan dute.

Lur-jausiak ere izan dira Bermeon, BI-3101 errepidean, eta Larrabetzun, BI-2713an (biak ere Bizkaian). Gipuzkoan, luiziengatik arazoak sortu dira Beasainen (GI-3192 errepidean) eta Elgoibarren (GI-2634).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak A-8 Autobidea AP-68 autobidea Añanako Kuadrilla azken ordukoa