Gizartea -
'Margüello auzia'
Osakidetzan 'iruzurrik' ez zela egon berretsi du Gabriel Inclanek
'Margüello auzian' agertzen diren ustezko irregulartasunen inguruan agerraldia egin du gaur goizean Gabriel Inclanek Eusko Legebiltzarrean.
Erredakzioa
Gabriel Inclan Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiak aurreko gobernuan "iruzurrik" ez zela egon nabarmendu du. Osakidetzan izandako ustezko irregulartasunen inguruko auzia "muntaia" besterik ez dela nabarmendu du Inclanek.
Inclanek ukatu du Osasun Sailak enpresa pribatuekin hainbat kontratu sinatu izana. Ildo horretan, "guztia muntaia" bat dela esan du, besteak beste, Rafael Bengoak zuzentzen duen Saileko kudeaketaren "porrota" ezkutatzeko.
Inclanen hitzetan, PSE eta PP alderdien ondorioak eta batzordearen txostena aurretik idatziak zeuden. Ildo horretan, legealdi hasieratik "jazarpen eta erasoen" biktima izan dela esan du, izan ere, "gezurrak, manipulazioa, eta zehaztasun gabeko txostenak" erabili dituzte. Halaber, Bengoak berari dion "gorrotoa" jo du egoeraren eragiletzat.
''Margüello auzian'' agertzen diren ustezko irregulartasunen inguruan agerraldia egin du gaur goizean Gabriel Inclanek Eusko Legebiltzarrean. 2009an ere auzi honen inguruan azalpenak eman behar izan zituen sailburu ohiak. Gaurko agerraldiarekin "osasun iruzurrik ez zela egon" argi utzi nahi izan du. Herri Kontuen Euskal Epaitegiak Osakidetzan egindako hainbat kontratuetan atzemandako ustezko irregulartasunen ingurukoa da ''Margüello auzia''. Juan Carlos Margüello Gurutzetako Ospitaleko Kalitate zuzendari ohiarekin erlazioa zuten enpresekin lotuta daude ustezko irregulartasunak.
Auzi honen inguruan azalpenak eman behar dituztenak "egoera honetan sartu gaituztenek eman behar" dituztela azpimarratu du Inclanek, "euskal gizarteari egindako muntaiagatik". Inclanen aurretik Jon Lezertua sailburuordeak ere agerraldia egin du Legebiltzarrean. Hedabideei prentsa oharra luzatu die.
Dokumentu honen arabera, Lezertuak Legebiltzarrari eskatu dio Rafael Bengoa egungo Osasun sailburua "bere tokian jartzeko", gai honen inguruan izan duen "akats handia" aipatuz.