Gizartea -
Totalan (Malaga)
Meatzariak tunelean sartu dira, galeria zulatzeko eta 2 urteko mutikoa erreskatatzeko
Lau metroko galeria horizontala eskuz zulatuko dute meatzariek, tunela eta putzua 72 metroko sakoneran lotzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Asturiasetik joandako meatzariak tunel bertikalean 18:00ak aldera sartu dira. Bertatik galeria zulatu eta Julen erreskatatuko dute. Bi urteko mutikoa putzu batean erori zen Totalanen (Malaga), urtarrilaren 13an.
Espainiako Gobernuak Malagan duen Azpiordezkaritzako iturriek jakitera eman dutenez, meatzariak 17:49ean jaitsi dira eta, aurreikuspenen arabera, 24 bat ordu beharko dituzte lana bukatzeko, baina bidean topatzen dituzten materialek lana baldintzatuko dute.
Lau metroko galeria horizontala eskuz zulatuko dute meatzariek, tunela eta putzua 72 metroko sakoneran lotzeko.
Brigadako kideak binaka jaitsiko dira tunel bertikaletik, eta txanda bakoitzak 30 edo 35 minutu emango ditu lanean; ondoren beste bi lankidek ordezkatuko dituzte, horrela bata bestearen segidan.
Erreskaterako espresuki eraikitako kapsula batean jaitsiko dira meatzariak. Hodiarekin marruskadurarik ez izateko, errodamenduak ditu kapsula horrek.
Galeriak aldapa txiki bat du, induskatutako materiala grabitatea aprobetxatuz ateratzeko. Zuloan aurrera egiten duten heinean, hormak eta sabaia zurkaiztu beharko dituzte meatzariek.
Meatzaritza Salbamenduko Brigadaren zortzi kide, hamar guardia zibil (mendi erreskate taldeko zortzi eta bi urpekari) eta zortzi suhiltzaile ari dira lanean, operazioan; guztira, 26 pertsona.