Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Indarkeria matxistaren aurkako koordinazio foroa osatu dute Bizkaian
Organo berri horretan administrazioetako, Justiziako, Fiskaltzako eta gizarte zerbitzuetako ordezkariak eta poliziak elkartuko dira, gutxi gorabehera, bi hilean behin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaian, Genero Indarkeriari aurre egiteko Koordinazio Batzordea eratu da gaur. Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Itunak probintzia edo lurralde historiko bakoitzean gisa horretako organo bat osatzea aurreikusten du.
Luis Angel Garrido Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko jarduneko presidentea buru zela osatu da batzorde berria. Kazetarien aurrean adierazi duenez, helburua "eraginkortasunean aurrera egiteko koordinazioan aurrerapausoak ematea da".
Organo berri honetan administrazioetako, Justiziako, Fiskaltzako eta gizarte zerbitzuetako ordezkariak eta poliziak elkartuko dira, informazioa trukatu ez ezik, biktimei erantzun azkarra emateko jokabide protokoloa lantzeko.
Araban eta Gipuzkoan iragan hilabetean osatu zen "elkargunea". Bizkaiko Auzitegiko presidentearen agindupean, bi hilean behin elkartuko da. Behar izanez gero, bilera gehiago ere egin ahal izango dituzte.