Gizartea -

Eskola jazarpena

Bi gazte zigortu dituzte Gipuzkoako institutu batean ikaskide bat jazartzeagatik

Bi auzipetuek egindakoa aitortu dute. Biktimari fisikoarekin lotutako irainak egiten zizkioten.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako institutu bateko bi ikasle zigortu dituzte, fisikoarekin lotutako irainak eginda ikaskide bat jazarri izana leporatuta. 540 euroko isunak ordaindu beharko dituzte biek.

Zigortutako lagunak 18 urtetik gorako mutil eta neska bat dira. Hirugarren lagun bat ere auzipetu dute, baina 18 urte bete ez dituenez, Adin Txikikoen Auzitegian ari dira kasua aztertzen.  

Ebazpenaren arabera, sarritan egiten zizkioten bere fisikoari lotutako irainak eta burlak.  "Foka", "bufalo", "nolako pena ematen duzun" edo "hain zara nazkagarria, nire burua leihotik behera bota nahi dudala" bezalakoak esanez iraintzen zuten.   

Gainera, ikasturtea hasi zenetik biktimari buruzko gezurrak zabaltzen aritu dira eta, horren ondorioz, gainerako ikaskideek albo batean utzi zuten neska.

Epaiketan, bi auzipetuek gertakariak aitortu zituzten eta Fiskaltzak haientzat eskatutako zigorra onartu zuten. Hortaz, koakzio delitua egotzi diete.

Arestian esandako isunaz gain, bi erasotzaileek eta institutuak –erantzukizun zibilagatik- 3.000 euroko kalte-ordaina eman beharko diote biktimari eragindako kalte moralengatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza