Gizartea -
Sabino Arana Sariak
Protekzionismoaren aurrean, erakunde transnazionalak indartzea eskatu du Camdessusek
Camdessus ekonomialariaz gain, Txomin Bereciartua abadea, Dolores Redondo idazlea, Juanjo Mena orkestra zuzendaria eta Ana Urquijo abokatua ere saritu ditu Sabino Arana Fundazioak.
Mikel Dominguez | eitb.eus
Michel Camdessus ekonomialariak, Txomin Bereciartua abadeak, Dolores Redondo idazleak, Juanjo Mena orkestra zuzendariak eta Ana Urquijo abokatuak jaso dituzte 2018ko Sabino Arana Sariak.
Iñigo Urkullu lehendakaria izan du buru sariak banatzeko ekitaldiak. Igande eguerdian egin dute Bilboko Arriaga antzokian, eta sarien 30. urteurrena ere ospatu dute. Sara Gandarak aurkeztu du gala, eta Havana 537 talde kubatarrak jarri du musika.
Sabino Arana Fundazioko presidentea den Juan Mari Atutxak esan duenez, "gure balore preziatuenak dituzten pertsonak" aitortzen dituzte sariek.
"Euskal gazteak aukera bat baliatzen, newyorktar bat Baztan imajinatzen, euskal herritar bat Salzburgoko Operan, emakume bat kristalezko sabaia apurtzen; mundu hobe baterako konpromiso berri bat", laburbildu du Atutxak.
Michel Camdessus lapurtarra, "euskal herritar unibertsala", Nazioarteko Diru Funtsaren gerentea eta Frantziako Bankuko gobernatzailea izan zen. "XX. mendearen azken herenean munduko ekonomiaren protagonista nagusietako bat izateagatik, bere ekarpenagatik eta garapen inklusiboaren aldeko eredu baten defentsagatik" saritu dute.
Ekonomialariak esan duenez "euskal herritarra unibertsala da ala ez da", eta Juan Sebastian Elkano eta Pedro Arrupe bezalako izenak gogorarazi ditu.
"Herrialde honetako pertsonek, muturreko aldaketa garai hauetan, senideen arteko unibertsaltasuna erakutsi behar dute, umiltasunez eta eraginkortasunez", esan du Camdessusek.
Protekzionismoaren "mehatxuaren" aurrean, erakunde "unibertsalak" sendotzea eskatu du. "Eman diezaiogun Europari profil berri bat, eman diezaiegun NBEren erakundeei behar duten laguntza, gaur eta biharko arazoei eman beharreko erantzun unibertsalak gailentzeko", esan du.
Kofi Annan "anaiari" eskaini dio saria Camdessusek. "Orain borondate oneko gizonen paradisutik begiratzen gaitu", bukatu du.
Atutxa, Urkullu, Camdessus eta Zuluaga. Irudia: EiTB.
Txomin Bereciartua abadea eta kultur eta gizarte eragilea ere saritu du Sabino Arana Fundazioak. Novia Salcedo Fundazioaren sortzaile eta ohorezko presidentearen "ibilbidea eta lan jardun oparo zein emankorra aintzatetsi eta saritu nahi dugu, besteak beste".
Bereciartuak abarmendu duenez, "nire parrokietan apaiz ona eta kulturaren eta gazteen aldeko erakundeen sustatzailea izaten saiatu naiz. Hori dena garai zailetan, aproposak ez ziren gizarte eta eliz inguru mesfidati eta arriskutsuetan".
Kultura arloan, Dolores Redondo donostiarra saritu dute. Baztango trilogia ospetsuaren egilea da Redondo. Azken sei urteak errepasatu ditu bere hitzaldian, Zaindari ikusezina argitaratu eta literaturan arrakasta izaten hasi zenetik.
Redondok azaldu duenez, liburuaren kokalekua (Baztan), euskal mitologia eta euskal hitzak mantendu zituen, argitaratzaile batzuen iritziaren kontra.
Juanjo Mena gasteiztarra "mundu osoko orkestra entzutetsuenak zuzentzen egindako ibilbide profesionalagatik" aitortu dute. Berriz Arriagara itzulita, "etxean bezala" sentitu da zuzendaria.
Esan duenez, "zuzentzea ematea da, besteari entzutea eta energia partekatzea". Eskoletan hezkuntza musikala aldarrikatu du Menak, "hezkuntza humanista bat garai zailetan, kalitatezko Q-en, iPaden eta pantailen" gainetik. Erakundeei "eskola bakoitzean abesbatza zuzendari bat jartzeko" eskatu die, "Euskal Herriak lehen baino gutxiago abesten du" eta.
Ana Urquijo abokatu eta ondasun higiezinen agenteak ere Sabino Arana saria jaso du, "berdintasunera bidean hesiak apurtzen aurrendaria izan delako, bereziki, gizonezkoak oraindik ere nagusi diren arloetako zuzendaritzetan". Bilbotarra Bizkaiko Abokatuen Bazkunaren zuzendaritza taldeko lehen emakumea izan zen, eta baita Athleticeko lehenengo presidente emakumea.
"Oso harro" eta hunkituta agertu da Urquijo: "gaur pozik dagoen emakume bat naiz". Ume bat zenetik bere aitarengandik jasotako Athleticenganako "pasioa" eskertu du. Aitari eta Arriagan egon den amari "berdintasunean eta bereizketarik gabe" heztea eskertu die.
"Nire herrialdekoa izateaz oso harro nago. Historikoki gidatu gaituzten baloreekin eta printzipioekin oso identifikatuta sentitzen naiz, tradizioa gauza berriak hasteko gaitasunarekin uztartuz, etorkizunari berdintasunez ekinez", esan du Urquijok.
Abokatuak "berdintasuna posible egiten duten" legeak onartzea defendatu du, eta "gure herrialdeko etxeko andre guztiak" izan ditu gogoan, "familiak eta gure gizartea sendotu dituztelako", nahikoa aitortu ez den lanaren eta dedikazioaren bitartez.
Ana Urquijo, Sabino Arana saria jasotzen. Argazkia: EFE.