Gizartea -
GASTRONOMIA
300 sukaldaritik gora izango dira Donostian, Repsol Gidako eguzkiak banatzeko galan
Otsailaren 25ean emango dituzte Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan gastronomia gidaren 40. edizioko sariak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
300 sukaldari baino gehiago batuko dira otsailaren 25ean Donostian, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan, Repsol Gidaren 40. edizioko sariak banatzeko ekitaldian.
Euskadin 50 bat jatetxek dute sari horietakoren bat, eta Espainian 37k dituzte Repsol Gidaren hiru eguzki (aitorpenik handiena).
Gipuzkoako hiriburuan egindako prentsaurrekoan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak, Alfredo Retortillok, Eusko Jaurlaritzak eta Repsolek lankidetzarako hitzarmena adostu dutela adierazi du. Retortilloren esanetan, “epe luzerako eta bertan geratzeko asmoz” sinatu duten akordio horren bitartez, gutxienez 2021era arte, espainiar Estatuko jatetxe onenak sarituko dituzte, horien lana eta ibilbidea kontuan izanda.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak sinatutako hitzarmena kalitate oneko turismoaren, ekitaldien eta kongresuen adierazgarria dela esan du Ernesto Gasco Donostiako Turismo zinegotzi eta alkateordeak.
Repsol Gidak “gastronomiaren epizentro” gisa Donostia aukeratzea omenaldia dela azaldu du Juan Navarrok, Repsoleko Komunikazio buruak. Horren arabera, “euskal sukaldaritzaren jatorria, sortzaileak, eta hiri horretan jaio zen euskal sukaldaritza berria” omendu nahi dituzte horrela.
Repsol Gida gastronomia astea
Horrez gain, Navarroren esanetan, eguzkiak emateko galatik harago joango da Jaurlaritzaren laguntza. Izan ere, gala horren aurretik, ekitaldi ugari bilduko dituen gastronomia astea egingo dute, eta herritarrek horietan parte hartzeko aukera izango dute.
Maria Ritter Repsol Gidaren Komunikazioko zuzendari nagusiaren hitzetan, gastronomia asteak eta otsailaren 25eko galak “herritar eta poltsiko guztientzako eskaintzak izango dituzte, une ezberdinetan gozatzeko modukoak”, eta talentu berriak aitortu eta emakumeak gastronomia munduan izan duen garrantzia nabarmenduko dituzte bertan.